Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
ANk ofizialki jakinarazi dio Volkswageni inputatuta dagoela
Bestalde, Energiaren eta Klimaren aldeko Ekintza komisarioak 10 eguneko epea eman dio CO2 isurketen irregulartasunak argi ditzan.
agentziak | erredakzioa
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak ofizialki jakinarazi dio Volkswageni diesel motorrak trukatzeagatik inputatu egin duela.
Gaurko izapidea beteta, konpainia alemaniarra formalki dago inputatuta auzian.
Ramon Paredes Volkswagenen ordezkariak inputazioaren jakinarazpena jaso ondoren adierazi duenez, konpainiak "beti bezala, agintariekin elkarlanean aritzeko prestutasuna" du.
Gainera, Paredesek azpimarratu du ikerketa abian dela eta ezin duela daturik eman. Hala ere, konpainiaren "lehentasuna bezeroak" direla argitu nahi izan du.
EBk 10 egun eman dizkio
Bestalde, Miguel Arias Cañete Energiaren eta Klimaren aldeko Ekintza komisarioak 10 eguneko epea eman dio CO2 isurketen irregulartasunak argi ditzan, kaltetutako modeloak zeintzuk diren jakite aldera.
Matthias Muller Volkswagenen zuzendaritza batzordeko presidenteari igorritako gutun batean, 10 eguneko epemuga jarri dio, prozedura bizkortzeko.
Izan ere, irregulartasunak 800.000 ibilgailutan daudela aitortu arren, konpainiak ez du zehaztu zeintzuk diren modeloak.