Ekonomia -

Lan-gatazka

Aernnovako langileek protestak deitu dituzte

Zuzendaritzak 133 behargin kaleratzeko lan erregulazio txostena aurkeztu du Arabako lantegian, Toledoko fabrikan 145 lanpostu sortuko dituen bitartean.

Jaurlaritzak xantaia egitea leporatu dio Aernnovari

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernnovako langileek mobilizazioak iragarri dituzte, multinazionalak erakutsi duen “nagusikeria” salatzeko. Era berean, langileen eta zuzendaritzaren bitartekaria Jaurlaritza izatea aztertuko dute.

Aernnovak Berantevillako lantegian 133 behargin kaleratzeko lan erregulazio txostena aurkeztu du, Toledon duen fabrikan 145 lanpostu sortuko dituen bitartean.

Langileek asanblada egin dute gaur eta egoera honen aurrean lanuzteak egingo dituzte datorren astean eta hilaren 21ean manifestazioa deitu dute, Gasteizen.

Enpresa-batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saileko eta Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako Saileko ordezkariekin bildu dira.

Juan Carlos Gomez (ELA) enpresa-batzordeko presidenteak azaldu duenez, “haserre eta kezkatuta” daudela helarazi diete Jaurlaritzako ordezkariei; izan ere, atzo, Juan Ignacio Lopez Gandasegui Aernnova Aeroespaceko presidenteak publikoki jakinarazi zuen Toledoko lantegian 18 milioi euro inbertitu eta 145 lanpostu sortuko dituztela.

Egitasmo horren aurkezpena Berantevillan lan erregulazio txostena aurkeztu ondoren iritsi da. 2016ko otsailetik aurrera Berantevillako 580 langiletatik 133 kaleratu nahi ditu multinazionalak, lan-karga jaitsi egin dela argudiatuta.

Arantxa Tapia sailburuak kritika gogorrak egin dizkio Aernnovari. Jaurlaritzari “xantaia” egiten ari zaiola eta elkarrizketari uko egin diotela leporatu dio.

Enpresa-batzordeko presidenteak azpimarratu du hasiera-hasieratik egon direla elkarrizketarako prest, “baina multinazionala guztion gainetik pasatu da: Jaurlaritzaren gainetik, langileen gainetik eta baita gizartearen gainetik ere; erabateko nagusikeriaz jokatzen ari dira eta hori ezin dugu onartu”, azaldu du.

Amaitzeko, Berantevillako fabrikan lan-karga gutxitu izana gezurra dela esan du. “Toledo egingo duten inbertsioak erakusten du lana badagoela; gainera, konpainiak egindako aurreikuspenaren arabera, 600 milioi euroko fakturazioa izatetik 1.000 milioi fakturatzera pasatuko dira 2018an”, nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Lana Ekonomia 2024 Albisteak