Ekonomia -
Berantevilla
Aernnovak 130 langile kaleratzeko plana aurkeztu die sindikatuei
Kaleratzeak egin ahal izateko xedez, enpresak azken urteotan lan-zama enpresatik kanpo eraman duela salatu dute langileen ordezkariek.
agentziak | erredakzioa
Aernnovako zuzendaritzak lan erregulazio txosten bat aurkeztu dio enpresa batzordeari, Berantevillako lantegian 130 langile kaleratzeko, 2016ko otsailetik aurrera.
Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko presidenteak EFE agentzian azaldu duenez, une honetan lana eteteko beste erregulazio bat dago indarrean. Langileen % 90i eragiten die, eta abendua arte egongo da martxan.
Orain, aldeen artean kontsultak egiteko epea zabaldu da. Ostegunean, langileek asanblea egingo dute, eta orduan erabakiko dute mobilizazioei ekingo dieten.
Gomezen esanetan, enpresak "lan-zamarik ez dagoela" argudiatu du kaleratzeak egiteko. Dena dela, kaleratzeak egin ahal izateko, azken urteotan konpainiak hainbat zeregin enpresatik kanpo eraman dituela ohartarazi du.
Horrenbestez, egoera hau "modu artifizialean" eragin izana egotzi dio zuzendaritzari.
Halaber, egungo lan baldintzak murriztu ezean, bi urte barru beste 200 kaleratze egingo dituztela ohartarazi die enpresak.
Aernnovaren Berantevillako lantegian 580 langile daude.