Ekonomia -

438 milioi euro

'Ziklo ekonomikoz aldatzeko' aurrekontuak aurkeztu ditu Arabak

Susperraldi ekonomikoa eta lanpostuak sortzea lehentasuna direla azaldu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. “Arabak behar duen” aurrekontua dela nabarmendu du.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Arabako 2016ko Aurrekontu proiektua Batzar Nagusietan da jada

0:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko foru aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur Ramiro Gonzalez (EAJ) Arabako ahaldun nagusiak. Guztira, 438,2 milioi euro, aurten baino % 3 gehiago. Susperraldi ekonomikoari laguntzeko “ziklo aldaketa” bat gertatzea espero du Gonzalezek.

Ramiro Gonzalezen foru Gobernuak aurkeztutako lehen aurrekontu egitasmoa da. EAJko eta PSE-EEko ordezkariek proiektua onartu dute gaur, Diputatuen Kontseiluan. Egitasmoa Arabako Batzar Nagusien eskuetan geratuko da orain. Foru Exekutiboa babesa lortzen saiatuko da aurrerantzean.

EAJk eta PSE-EEk 18 batzarkide dituzte; ondorioz, beste talde baten babesa behar dute gehiengo sinplea (26) lortzeko. Negoziazioei dagokionez, momentuz “akordiorako borondate argiena” azaldu duen taldea EH Bildu dela adierazi du Arabako ahaldun nagusiak, baina elkarrizketa “konplexua eta luzea” izaten ari dela onartu du.

Gonzalez: "Arabak behar duen aurrekontua da"

Susperraldi ekonomikoa eta lanpostuak sortzea lehentasuna direla azaldu du Gonzalezek prentsaurrekoan. “Arabak behar duen” aurrekontua dela azpimarratu du.

Hala, ekonomia eta enplegua bultzatzeko 18,2 milioi euro bideratuko dituzte, foru Exekutiboaren lehentasunak baitira.

Guztira, 2.282,5 milioi dira, baina Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpena kenduta, 438,2 milioitan geratzen da, aurten baino % 3 gehiago. Aurtengo kontuak luzatu behar izan zituzten iaz.

Zergen bidez diru gehiago biltzea espero du Aldundiak: 2.104,4 milioi euro, aurten baino % 4,6 gehiago, hain zuzen ere.

“Euroa heldu zenetik zorrik txikiena"

Gainera, 6,3 milioi zorpetzea espero du foru Gobernuak, “euroa heldu zenetik kopururik txikiena”, goraipatu du Gonzalezek. Aurtengo zorra 16,36 milioikoa da.

Bestalde, datorren urtean 184,2 milioi izango ditu Gizarte Ongizate Institutuak xahutzeko, % 4,5 gehiago. Dependentzia Legeak ia 21 milioi izango ditu, Genero Indarkeriaren aurkako Planak milioi bat baino gehiago eta kooperazio politikek % 0,7a gaindituko dute. Bestalde, errepideak finantzatzeko 24,5 milioi aurreikusi ditu egitasmoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Araba Ekonomia berriak Arabako Ahaldun nagusia Gaurko titularrak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa