Ekonomia -
Kuotak
Legatzaren arrantzarako proposamena leundu nahi du Espainiak
Hegoaldean legatzaren arrantza % 60,5 murrizteko proposamena “Espainiarentzat ez da sekula onargarria izango”, esan du Nekazaritza ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
2016an hegoaldean legatzaren arrantza % 60,5 murrizteko proposamena “Espainiarentzat ez da inoiz onargarria izango”, esan du gaur Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroak. Kontseiluaren negoziazioan kuotaren “beherakada ahalik eta txikiena” izaten saiatuko direla erantsi du.
“Hegoaldeko legatz, itsas zapo eta itsas oilar arrantzalekuak dira gehien kezkatzen gaituenak. Batzordearen proposamenak murrizketa handi bat jaso du, eta hainbesteko beherakada izaterik ez dagoela defendatuko dugu”, azaldu du.
Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroek bilera egingo dute astelehenean eta asteartean, Batzordearen proposamena aztertzeko. Legatzaren kasuan, 2015ean harrapatutako kopurua % 60,5 murriztea proposatu du EBk 2016rako, eta itsas zapoaren eta itsas oilarraren kasuan, murrizketa, hurrenez hurren, % 19,2koa eta 26,4koa izatea.
Gainera, iparraldean legatzaren arrantzurako aukerak % 6 areagotzea proposatu du Bruselak, besteak beste.
Penintsulako uretan itsas zapo eta itsas oilarrarentzako proposamena arintzea izango da Espainiaren beste lehentasun bat.
Ontzien ahalegina ordaintzeko, kuota estra bat ezarriko die Europako Batzordeak espezie horiei, baina aurretik Kontseiluko negoziazioetan akordio bat lortu behar dute aldeek.