Ekonomia -

EAJk eskatu bezala

Sektore estrategikoen zerrenda luza lezake Espainiako Gobernuak

EAJrekin izandako bileraren ostean, 2020ra arte egitasmo bat garatzeko beharra nabarmendu du Sebastianek, industria sektorearen garrantzia handitzeko helburuarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sektore estrategikoen zerrenda luzatzeko aukera dagoela azaldu du Miguel Sebastian Industria ministroak, horrela makina-erreminta sektorea zerrenda horretan sar dezakete. EAJk egindako proposamena da eta Gobernuko batzordeak hasieran aurkeztutako dokumentuan ez zegoen.

Diputatuen Kongresuan EAJrekin bildu ostean, Espainiako eta EAEko industriaren beharrizanak oso antzekoak direla nabarmendu du Sebastianek eta 2020ra arte egitasmo bat garatzeko beharra aipatu du, industria sektorearen garrantzia handitzeko helburuarekin. Gobernu zentraleko ordezkariak Josu Erkoreka EAJko bozeramailearekin eta Pedro Aspiazu taldeko ekonomia arduradunarekin bildu dira.

Industria BPGren % 28 da EAEn eta mantendu edo handitu nahi dute. Bitartean, Espainian % 15 bat da eta % 18ra arte handitu nahi dute, Europar Batasuneko batez bestekoa delako.

Helburu hori lortzeko, sektore aeronautikoaren, automobil-industriaren eta informazio teknologien garrantzian "guztiz ados" direla adierazi du Sebastianek.

Sebastianen arabera, energia, garraio edo I+G+B arloetan lan egitearen aldeko apustua egin dute EAJk eta Gobernuak, industriaren lehiakortasuna hobetzeko "oinarrizkoak" direlako.

PP

Bestalde, Elena Salgado Ekonomia ministro eta presidenteordeak Alderdi Popularrarekin "akordioak lortzeko aukerak" ikusi ditu gaur krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak adosteko egin duten bileran, nahiz eta zerga alorrean "desadostasun handiak" izan.

Hala adierazi du Salgadok alde biko bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. Zurbano Jauregian egindako bileran, Cristobal Montoro, Alvaro Nadal eta Fatima Bañez joan dira PPren ordezkari gisa Salgadok, Jose Blanco Sustapen ministroak eta Miguel Sebastian Industria ministroak osatzen duten batzorde negoziatzailearekin hitz egitera.

Salgadoren arabera, bilera "positiboa eta erabilgarria" izan da eta eztabaida "aberatsa izan da edukian eta komentarioetan", izan ere, datozen asteetan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, eta datorren astean beste bilera bat egingo dute Gobernuak eta PPk.

CIUrekin egindako bilera

Bestalde, "hitzarmen orokorrei buruz" hitz egitea ezinezkoa dela nabarmendu du CIUk, Gobernuarekin egindako bileraren ostean. Hala ere, arlo ezberdinetan akordioetara heltzeko aukerak egotekotan, "praktikara azkar eraman ditzaten" eskatu du alderdi kataluinarrak.

Joseph Sanchez Llibre eta Pere Macias izan dira CIUko ordezkariak Gobernuak egindako bilera sortan.

Bihar IUrekin, ICVrekin, BNGrekin, CCrekin, UPyDrekin, UPNrekin eta Nafarroa Bairekin bilduko dira.

ERC

Gobernuaren batzordetik krisiari aurre egiteko akordio bat ateratzeko "itxaropentsu" zela adierazi du Joan Ridao ERCko bozeramaileak, baina Gobernuak proposatutako neurriak "eskasak" direla erantsi du.

Ekonomia hiru ministroekin ia hiru orduz bilduta izan da Ridao. Langabezia datu ekonomiko kezkagarrienetarikoa da, ERCko bozeramileak azpimarratu duenez, "ikaragarri hazi" egin delako eta horrek berehala ekitea eskatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea