Ekonomia -
Bilerak
IUren proposamenak martxan jartzea "zaila" izango dela uste dute
Salgadoren ustez, IUren apustuak "ez dira bateragarriak" Espainiako Gobernuak proposatu duen defizit publikoaren jaitsierarekin.
Erredakzioa
Izquierda Unidak mahai gainean jarritako proposamen ekonomikoak martxan jartzea "oso zaila" izango litzatekeela esan du gaur Elena Salgado Ekonomia ministroak. Bere hitzetan, IUren apustuak "ez dira bateragarriak" Espainiako Gobernuak proposatu duen defizit publikoaren jaitsierarekin.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak PPrekin, EAJrekin CIUrekin eta ERCrekin hasi zituen, atzo, krisiari aurre egiteko alderdiekin bilerak. Gaur, IU eta ICVko ordezkariekin eseri dira Elena Salgado de Jose Blanco, Zurbano Jauregian.
Salgadoren hitzetan, bilera biak "positiboak" izan dira. Ezkerreko alderdiek, krisiari aurre egiteko aurkeztutako proposamenak aztertu dituzte goizean zehar.
Ekonomiako arduradunaren ustez, "zaila" izango da IUren proposamen batzuk aurrera eramatea, gastu publikoaren igoera ekarriko luketelako.
Hala ere, Gobernuak "proposamen guztiak" aztertuko ditu. "Hala ere, lehentasuna defizit publikoaren jaitsiera izango da", azpimarratu du.
Atzo, EAJrekin izan ziren
Sektore estrategikoen zerrenda luzatzeko aukera dagoela azaldu zuen atzo Miguel Sebastian Industria ministroak, horrela makina-erreminta sektorea zerrenda horretan sar dezakete. EAJk egindako proposamena da eta Gobernuko batzordeak hasieran aurkeztutako dokumentuan ez zegoen.
Diputatuen Kongresuan EAJrekin bildu ostean, Espainiako eta EAEko industriaren beharrizanak oso antzekoak direla nabarmendu zuen Sebastianek eta 2020ra arte egitasmo bat garatzeko beharra aipatu zuen, industria sektorearen garrantzia handitzeko helburuarekin.
PP
Bestalde, Elena Salgado Ekonomia ministro eta presidenteordeak Alderdi Popularrarekin "akordioak lortzeko aukerak" ikusi zituen atzo krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak adosteko egin zuten bileran, nahiz eta zerga alorrean "desadostasun handiak" izan.
Salgadoren arabera, bilera "positiboa eta erabilgarria" izan zen atzokoa eta eztabaida "aberatsa izan zen edukian eta komentarioetan", izan ere, datozen asteetan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten, eta datorren astean beste bilera bat egingo dute Gobernuak eta PPk.
CIU eta ERCrekin egindako bilera
Bestalde, "hitzarmen orokorrei buruz" hitz egitea ezinezkoa dela nabarmendu zuen CIUk, Gobernuarekin egindako bileraren ostean. Hala ere, arlo ezberdinetan akordioetara heltzeko aukerak egotekotan, "praktikara azkar eraman ditzaten" eskatu zuen alderdi kataluinarrak.
Gobernuaren batzordetik krisiari aurre egiteko akordio bat ateratzeko "itxaropentsu" zela adierazi zuen Joan Ridao ERCko bozeramaileak, baina Gobernuak proposatutako neurriak "eskasak" direla erantsi zuen.