Ekonomia -
OPERAZIOA
Ecomac txiletarrak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du Euskadin
EiTBk jakin duenez, konpainia txiletarra bazkide modura sartuko da Arteche enpresa bizkaitarrean.
EITB.EUS
Arteche enpresa elektriko bizkaitarrak eta Txileko Ecomac enpresak kapitala zabaltzeko akordioa itxi dute, eta 10 milioi euro inguruko inbertsioa egin ondoren, Arteche Taldearen bazkide berria izango da Ecomac, EiTBk jakin duenez.
50 urteko historia duen familia-enpresa da Ecomac, Txilen sortu eta garatutakoa. Higiezinen alorrean eman zituen lehen urratsak, eta azken urteotan merkatu berriak urratu ditu, tartean zerbitzuena edota finantzazioarena.
Arteche Taldea ere familia-enpresa da. Duela 65 urte sortu zen, Mungian, eta alor elektrikora bideratutako negozioa izan da hasieratik. Egun, munduko transformadore-ekoizle handienetakoa da. Hain zuzen, neurrira egindako transformadoreak ekoizten ditu lantegi horretan.
Urteen joan-etorrian, baina, mundu osora zabaldu du bere negozioa Arteche Taldeak: dagoeneko, 11 herrialdetan ditu egoitzak, eta 150 herrialdetan ditu negozio-harremanak.
2015ean 300 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta kopuru horren % 90 nazioarteko merkatuan lortu zuen. Orotara, 2.100 langile ditu; Bizkaian, 650 lanpostu zuzen.
Epe luzera begira egindako operazioa dela ziurtatu dute akordioaren gertuko iturriek. Horien arabera, akordioak Artecheren hazkundea bultzatu eta indartuko du Txilen. 2011tik ari da lanean herrialde horretan Bizkaiko konpainia elektriko hau. Ecomacentzat, berriz, nazioarte mailako lehen inbertsioa da honakoa.
Orain urtebete hasi zituzten negoziazioak Ecomacek eta Artechek, eta ordutik izan dituzten bileretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak bitartekaritza lana egin dute.