Ekonomia -
ENPRESA ERAGIKETA
Oronak bi enpresa erosi ditu Norvegian eta Frantzian
EST Ascenseurs frantziarra eta Heis 1 Group norvegiarra bereganatu ditu Hernaniko konpainiak. 'Bi eragiketa horiei esker, Oronak Europan duen presentzia handitu eta sendotuko du', taldearen hitzetan.
EITB.EUS
Mugikortasun-soluzioetan espezializatutako Orona Hernaniko konpainiak "Europan duen posizioa indartu du" Frantzian eta Norvegian enpresa bana erosita.
Taldeak ohar baten bidez jakitera eman duenez, batetik, EST Ascenseurs frantziarra erosi dute, "Alsazia eskualdean igogailuen sektorean liderra". Urtean zazpi milioi eurotik gorako negozio-zifra du enpresa horrek, eta, gaur egun, mantenu-lanetako 2.000 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu.
Norvegian, berriz, Heis 1 Group erosi du Oronak. Norvegiako hiri nagusienetan (Oslo, Stavanger, Bergen, Trondheim, Tromso eta Tongsber) ordezkaritzak ditu konpainiak, eta eskualdeko merkatua sakon ezagutzen duen profesional talde kualifikatua du, Oronak agirian zehaztu duenez. Heis 1 Groupek 14 urtez Oronarentzat banatzaile lanak egin izan da.
"Bi eragiketa horiei esker, Oronak Europan duen presentzia handitu eta sendotuko du", Hernaniko taldearen iritzian.
Orona Frantziak 90 milioi inguru fakturatzen dituzten zortzi konpainia ditu, jada, eta 450 pertsonari baino gehiagori ematen dio lana. Eta Orona Norvegiak zortzi langune ditu, eta, horien bidez, 16 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu, 80 pertsona inguruko lantalde batekin.