Ekonomia -
HITZARMENA
Ibilgailu jasangarriagoak garatzeko akordioa
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek mugikortasun iraunkorreko unitate bat sortzeko akordioa sinatu dute gaur. Ibilgailu jasangarriagoak garatzea da helburua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mugikortasun iraunkorreko unitate bat abian jartzea adostu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek, ibilgailu jasangarriago bat garatzeko helburuarekin. 'Energiaren Adimen Zentroa-Energy Intelligence Centre' (EIC) egitasmoaren lehen urratsa da.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak goizean sinatu dute elkarlanerako akordioa. Mugikortasun iraunkorreko unitatearen xede nagusia ibilgailu eragingarri bat garatzea da. Petronorreko presidentearen hitzetan, unitate honetan motorrak eta erregaiak aztertuko dituzte, batez ere.
Unitate honetaz gain, 'Energiaren Adimen Zentroa' proiektuaren barruan beste bi unitate ere garatuko dituzte; batetik, Oil&Gas deritzona, eta bestetik, elektrizitatearen garraioa eta banaketa landuko dituena.
Akordioaren iraupena urtebetekoa izango da, baina luzatzeko aukerarekin. Ondo bidean, Bizkaiko Aldundiak lau urtean 15 milioi euro bideratuko ditu proiektura, ahaldun nagusiak aurreratu duenez. Energiaren sektoreko enpresa ezberdinekin lan egin nahi dute. Oraingoz, ez dute egoitza jakinik izango, baina "etorkizunean, ikusiko dugu", esan du Rementeriak.