Ekonomia -
Enplegua
Correscales, lan egonkortasun ezaren aurkako lasterketa
Bilbotik abiatu da gaur eta Bartzelonan amaituko dute korrikaldi hori datorren astelehenean, telefono mugikorren arloko World Mobile Congress nazioarteko kongresuaren aurrean.
eitb.eus
Correscales izeneko protesta-lasterketa hasi dute gaur arratsaldean, Bilbon, prekarietatearen aurkako Korrika ere deitu diotena.
Bilbotik abiatuta, Bartzelonan amaituko dute korrikaldi hori datorren astelehenean, 800 kilometroko ibilbidea lasterka eta txandaka egin ondoren (80 errelebo ematea espero dute igaroko dituzten 80 udalerrien barruan).
Protesta-lasterketa Marea Urdina izeneko elkarteak antolatu du, eta Euskal Herriko eta Kataluniako 300 bat eragileren babesa jaso du; tartean, EH Bildu eta Podemos alderdiena, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuena.
Marea Urdina izeneko elkartea Movistar konpainiak azpikontratatutako langile talde batek osatzen du, eta iaz egin zuten 80 bat eguneko greban du jatorria.
Langile horien mobilizazio-eredutik abiatuta, enpleguaren egonkortasun ezaren aurkako mugimendua zabaltzea izan du helburu Marea Urdinak; eta hain zuzen ere prekarietatea salatu eta langileen duintasuna aldarrikatuko dute Correscales lasterketaren bitartez. Arduradunen esanetan, ekimen honen helburu nagusienetakoa langileen artean elkarri laguntzeko tresna komunak sortzea da, sare antzeko bat.
Gauzak horrela, asmo horrekin,150.000 euroko funtsa osatu nahi dute crowdfounding bitartez, lan-eskubideen aldeko borrokan ari diren langileei laguntzeko; jada 120.000 euro inguru bildu dituzte, minimotzat zuten kopurua gaindituta (94.250 euro).
Arratsaldeko 18:30ean abiatu da Correscales Movistar enpresak Bilboko Buenos Aires kalean duen dendatik; goizaldean Gipuzkoan sartuta, Donostiara iritsiko da ostiral goizean eta Iruñeara arratsaldean (Sanferminetako entzierroko ibilbideko parte bat egingo dute bertan); eta Aragoin barrena Kataluniara helduko da asteburuan. Aurretik, atzo arratsaldean Gasteizen elkarretaratze bat egin zuten, Arabako hiriburua ekimen horretatik kanpo gera ez zedin.
Astelehenean protesta egingo dute Bartzelonan, telefono mugikorren arloko World Mobile Congress nazioarteko kongresuaren aurrean.