Ekonomia -

ETETE PARTZIALA

Zumarragako planta 'ezin da itxitzat eman', ArcelorMittalen arabera

Lantegiaren jardunari eusteko 'ahalegin guztia' egin dutela ziurtatu du enpresak. Astelehenean eman zion bere asmoen berri Urkullu lehendakariari ArcelorMittalek.

Arcelor Mittal Zumarragan
Arcelor Mittal Zumarragan
ArcelorMittaleko jarduerak jarrai dezan borrokatuko dute langileek

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ArcelorMittal enpresak esan duenez, Zumarragako lantegia "ezin da itxitzat eman". Plantaren jardunari eusteko "ahalegin guztia" egin dutela adierazi du, urtean "3,5 milioi euro inguruko inbertsioak' eginez eta "lehiakortasuna hobetzeko planak" martxan jarriz.

Zumarragako lantegiko ekoizpenaren zati bat eten egingo duela iragarri zuen atzo ArcelorMittal enpresak, eta langileak taldearen beste planta batzuetan birkokatzeko konpromisoa agertu zuen. Astelehenean eman zion bere asmoen berri Iñigo Urkullu lehendakariari altzairu-enpresak.

Talde berekoa den Sestaoko ACBk ere aldi baterako bere jarduna eten ondoren etorri da Zumarragako plantaren berria. ArcelorMittalek jakitera eman duenez, EAEn dituzten gainerako lantegietan ez dute aurreikusita halako neurririk ezartzea.

Oraingoz, zuzendaritzaren arabera, ezin dute zehaztu zenbatekoa izango den Zumarragan mantenduko duten lan-karga. Langileen ordezkariekin bildu zain daudela esan du, erabaki hori hartzeko.

Kontsultetarako epea zabalik da, eta langileek negoziazio-mahaian eseriko diren ordezkariak izendatu beharko dituzte, zazpi eguneko epean. Langileak non kokatuko dituzten negoziatu beharko dute, besteak beste.

Etete partzialak enplegu-erregulazioko espedientea ekarriko du. Oraindik ez dira hasi hori aplikatzen. Enpresak une honetan dituen eskariak ekoitzi arte, lanean jarraituko dute.

Langileen birkokapenak sindikatuekin negoziatutakoan zehaztuko dute, enpresaren arabera, Zumarragako plantatik kanpora aterako den ekoizpena zenbaterainokoa den.

Erakundeekin harremanetan daudela esan du ArcelorMittalek, eta "elkarnalerako prestutasuna" agertu du.

Manifestazioa larunbatean

Testuinguru horretan, enpresa batzordeak manifestazioa deitu du larunbaterako (hilak 19), eta horretan parte hartzeko deia egin die "Zumarragako eta Urretxuko herritarrei".

Hain zuzen ere, martxa eguerdian abiatuko da, Areizga plazan.

EH Bilduk "emergentzia plan" bat eskatu du

Bestalde, Oihane Zabaleta EH Bilduko bozeramaile eta Urretxuko alkate ohiak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Udalari neurriak hartzea dagokiela kaltedunen egoera konpontzeko.

Zabaletaren esanetan, Zumarragako Arcelorren ia itxiera ziurra "ez da kasualitatea" ezta "isolatua" ere. Hala, Sestaoko ACB eta Amurrioko Tubos Reunidos enpresen egoera gogora ekarri du aipatu du. "Gure herriko industria desmantelatzen ari dira, eta horrek ondorio oso larriak ditu milaka herritarren egunerokoan eta etorkizunean", salatu du.

Horren ildotik, antzeko egoeran dauden beste enpresa batzuk salbatzeko helburuarekin, "Industria Emergentziako Plana" behar dela uste du EH Bilduk. "Herri gisa erantzun behar diogu industria sektorearen desmantelamenduari eta horrek berarekin dakarren lanpostu galerari eta milaka eta milaka langileren bizi baldintzen kaskartzeari", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa EEE Ekonomia berriak Eguneko albisteak Zumarraga albisteak Albisteak Lan gatazkak gaur Metalgintza