Ekonomia -
Elkarrizketa ETBn
PSEk enpresen blindajea debekatzeagatik ez dramatizatzeko eskatu du
Oscar Rodriguez PSE-EEren legebiltzarkideak esan du "giro egokia" sortu behar dela enpresak EAEn gera daitezen.
Erredakzioa
Oscar Rodriguez PSE-EEk Legebiltzarrean duen idazkari nagusiak "ez dramatizatzeko eta profezia apokaliptikorik ez egiteko" eskatu du Elkarte Legearen erreformagatik eta enpresak blindatzea debekatu dutelako. Horren harira, "Euskadin sustraiak bota dituzten" enpresak bertan gera daitezen "giro egokia" sortu behar dela iritzi dio.
ETB-2ren "Egunon Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Rodriguezek garrantzia kendu nahi izan dio erreformari, nahiz eta lege berriarekin Iberdrola, Repsol edo Telefonica bezalako enpresetan botorako mugak kendu dituzten.
Haren arabera, "Eusko Jaurlaritzak esan duen moduan, enpresariek eta langileek hemen lan egin dezaten giro egokia" sortu behar da, "hemen gera daitezen, euskal ekonomia bultzatuz". Erakundeen partehartzea azpimarratu du inbertsioak erakartzeko "egonkortasuna bermatzeko".
Rodriguezek esan du ulertzen duela Iberdrolako "akziodun txikien kezka" ACSk, akziodun handiena den heinean, konpainiaren kontrola har lezakeelako, baina "enpresen erabakiak errespetatu behar ditugu" eta gainera, "horrelako gauzak egin izan dira enpresa txikietan eta ez da ezer gertatu".