Ekonomia -

AHT

Blancok eta Sanzek AHT eraikitzeko hitzarmena sinatu dute

Abiadura Handiko Trena 2015ean helduko da Nafarroara, Ministro Kontseiluak eta Nafarroako Legebiltzarrak egitasmoari baiezkoa eman ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Blanco Sustapen ministroak eta Miguel Sanz Foru Gobernuko presidenteak Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako tartearen finantzaketa akordioa sinatu dute gaur Iruñeako Jauregian.

Hitzartutakoaren arabera, 5 urte barru helduko da tren lasterra Nafarroara. Eta, Iruñea eta Castejon arteko lanak datorren urtean has daitezen, 387 milio euro aurreratuko ditu Foru Erkidegoak. Bi urteren buruan hasiko da diru hori berreskuratzen, hitzarmen ekonomikotik, kupotik alegia.

Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako ibilbidea egiteko obrak finantzatzeko hitzarmena Estatuarekin sinatzeko baimena jaso zuen atzo Nafarroako Gobernuak Parlamentuan. Osoko bilkuran talde politiko guztiek babestu zuten hitzarmena, Nafarroa Baik izan ezik.

"Hitzarmenik onena, momenturik onenean, azpiegitura onenarentzat", esan zuen atzo Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak parlamentarien aurrean, ez ohiko osoko bilkuran.

Iragan astean lortutako akordioak Estatua, Nafarroa eta ADIFen lankidetzaren baldintzak ezartzen ditu, Abiadura Handiko Zaragoza-Iruña linea Nafarroan eraikitzeko eta 2015ean martxan izateko, Kantauri-Mediterraneo korridorearen lehen fase gisa.

Lanak 2011n hasiko dira eta 2015ean amaitzea espero dute. Horrela, obraren kostuko 675 milioi eurotik 387 Foru Erkidegoak ordainduko ditu (gainerako 287ak ADIFek jarriko ditu). Hala ere, diru hori 2013tik aurrera Nafarroa-Estatua Hitzarmenetik deskontatuko diote Erkidegoari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea