Ekonomia -
Gasteiz
Mercedeseko enpresa-batzordeko presidentea kargutik kendu dute
ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek Iñaki Andres (UGT) kargutik kendu dute. Erabakia “arduragabekeria” dela salatu du Andresek. CCOOrekin harremanak haustea planteatu du UGTk.
Agentziak | Erredakzioa
Iñaki Andres (UGT) Gasteizko Mercedes-Benz lantegiaren enpresa-batzordeko presidentea kargutik kendu dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, besteak beste, zuzendaritzarekin negoziatzen ari diren hitzarmena gutxiengoan ez sinatzeko konpromisoa ez hartzeagatik.
Enpresa-batzordeko gehiengoa osatzen dute sindikatuek mezu bat igorri diete langileei. Era berean, Juan Luis Martinez (UGT) batzordeko presidenteordea kargugabetu dutela jakinarazi dute. Igor Guevara (ELA) presidente berri izendatu dute, eta bi presidenteordeak CCOO eta LAB sindikatuetako ordezkariak izango dira.
ELA, CCOO, LAB eta ESKk enpresa-batzordeko 27 ordezkarietatik 14 dituzte Gasteizko Mercedes-Benz lantegian. Batzordea 2014ko azaroan aukeratu zuten beharginek. UGT lehen indarra da; izan ere, 9 ordezkari lortu zituen.
Andresen eta UGTren jarrera kritikatu dute ELA, CCOO, LAB eta ESKk, eta enpresa-batzordearekiko “errespetu falta” egotzi diete. Era berean, Ekintza eta PIM sindikatuen jarrera salatu dute; bakoitzak bi ordezkari ditu batzordean.
Andresen kargugabetzea justifikatzeko beste erabaki batzuk kritikatu dituzte ELA, CCOO, LAB eta ESKk: “langileen informazioa oztopatzea” edo “inplikazio falta bileretara joaten ez zelako”.
Lau sindikatuek prentsaurrekoa deitu dute gaurko CCOOko egoitzan, Gasteizen, erabakiaren arrazoiak azaltzeko. Helburua enpresa-batzordea eta hitzarmenaren negoziazio prozesua “onbideratzea” dela azpimarratu dute.
Iñaki Andres: “Arduragabekeria da”
Erabakia “arduragabekeria” dela esan du Andresek. Hitzarmenaren negoziazioari “blokeoa” egin nahi izatea leporatu die lau sindikatuei.
UGTk “gutxiengoan zein gehiengoan” akordio bat ez ixteko borondatea agertu zuela azaldu du enpresa-batzordeko presidente ohiak, sindikatu batzuek, “LABek bereziki”, “aldez aurretik duintasunagatik hitzarmenik sinatuko ez” zutela iragarri ondoren.
“Akordio posible bati ezezkoa aurreratzen ari diren talde batzuk daude, enpresaren aurrean proposamenik aurkeztu gabe”, azaldu du Andresek. Gainera, ELAk, LABek eta ESKk Mercedesen “sekula” ez dutela akordiorik sinatu gogorarazi du presidente ohiak.
CCOOrekin harremanak haustea planteatu du UGTk
Bestalde, CCOOrekin harremanak haustea planteatu dio UGTko Metal eta Eraikuntza Federazioak (MCA) sindikatuaren Euskadiko zuzendaritzari, CCOOk Andresen kargugabetzeari babesa eman ondoren.
Mercedesen egindakoa “zuzendu” arte CCOOrekin harremanak haustea eskatu du MCA-UGTk; izan ere, “enpresa-batzordeko presidentetza ELAri eman dio, sindikatu abertzaleak 5 ordezkari baino ez dituenean”.