Ekonomia -

NEGOZIAZIOAK

ArcelorMittalekin bilera-eguna ezarri dutela iragarri du Tapiak

Arcelor Zumarragak amaitutzat eman du kontsulta epea asteazken honetan.

'Forum Europa' jardunaldian hartu du parte, goizean, Tapiak.
'Forum Europa' jardunaldian hartu du parte, goizean, Tapiak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ArcelorMittal enpresaren zuzendaritzarekin bilera-eguna ezarri dutela iragarri du Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak. Enpresaren eskariz, eta konfidentzialtasun arrazoiak tarteko, ez dute jakitera eman zein egunetan bilduko diren.

Dena dela, ETBk jakin ahal izan duenez, hil honetan bertan izango da batzarra. 'Forum Europa. Tribuna Euskadi' jardunaldian hitz egin du, goizean, Tapiak, eta, besteak beste, ArcelorMittalek Sestaon eta Zumarragan dituen lantegien egoera izan du hizpide: Zumarragakoa itxita dago, eta Sestaokoak aldi baterako eten zuen bere jarduna.

Jaurlaritzarentzat Sestaoko eta Zumarragako plantak bideragarriak direla berretsi du sailburuak, baina enpresaren "borondatea" ezin dutela aldarazi gaineratu du. ArcelorMittalek bi lantegien aldeko apustu sendoa erakutsiko balu, Jaurlaritzak elkarlanerako konpromiso irmoa hartuko lukeela ziurtatu du.

Tapiaren iritziz, Espainiako Gobernuak ere badu bere ardura afera honetan: enpresen bideragarritasun ekonomikoa errazte aldera, energiaren prezioa merkatzeko neurriak ezartzeko eskatu dio sailburuak Rajoyren Exekutiboari. ArcelorMittaleko Zumarragako enpresa batzordea zuzendaritzarekin bilduta dago, gaur, 11:00etatik.

Ordezkaritza 'sendoa'

Jaurlaritzak ArcelorMittaleko zuzendaritzarekin egingo duen bilera horretan Iñigo Urkullu lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusia egotea eskatu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak,  erakundeek ordezkaritza sendoagoa izan dezaten.

Halaber, Urola Garaiko alkateen ordezkaritza bat ere bileran egotea nahiko luke Serranok. Birkokatzeak atzean utzi, eta Zumarragako lantegia martxan jartzeko eskatuko diote enpresaren zuzendaritzari.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin ditu adierazpenok Zumarragako alkateak. Talde sozialistak gonbidatuta, ArcelorMittalen egoeraz hitz egitera joan da bertara.

Kontsultak egiteko epearen amaiera

Bestalde, Arcelor Zumarragako zuzendaritzak amaitutzat eman du sindikatuekin kontsultak egiteko epea, langileen ordezkariei plan soziala aurkeztu ostean.

Halaber, konpainiak ostegunean biltzea proposatu dio batzordeari, proposamena "eztabaidatzeko".

Plan sozial horietan, "laguntza ekonomikoak" aurreikusi dituzte Asturiasera joango diren langileentzat, eta kontratua haustea hautatzen dutenei kalte-ordainak "hobetzea".

Europa Press agentziak azaldu duenez, zuzendaritzaren planak lau atal ditu. Lehengo bietan, Asturiasko lantegira joatea erabakitzen duten langileentzako "laguntza ekonomikoa" jaso dute. Gainera, "laguntza soziala" ere eskaini diete, "hobeto moldatzeko".

Hirugarren puntuan, Asturiasko soldatak "orekatzeko" osagarri bat ere proposatu dute, eta, laugarrenean, kaleratuko dituztenei kalte-ordainak "hobetzea".

Zuzendaritzak ez du zifrarik eman, baina Langileen Estatutuan aurreikusitako 20 eguneko kalte-ordaina "hobetuko" dutela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Sestao argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Zumarraga bideoak Gaurko azken ordukoa