Ekonomia -
ENERGIA
Mikrosare elektriko adimendua garatuko dute Bizkaiko hiru enpresak
Artechek, Ingeteamek eta Ormazabalek bat egin dute, Foru Aldundiak lagunduta, mikrosare elektriko adimendu bat sortzeko; sare elektriko eraginkorragoa sortzea da helburua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Energiaren eta garraioaren alorrean lanean ari diren Bizkaiko hiru enpresa handik, Artechek, Ingeteamek eta Ormazabalek, bat egin dute, mikrosare elektriko adimendu bat garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Mrikosare adimenduen sektorean mundu mailako erreferente bihurtzea da erronka.
"Bizkaitik, mikrosare elektriko adimenduen mundu mailako erreferente bihur gaitezke", esan du Teresa Madariaga Ingeteameko presidenteak, proiektuaren aurkezpenean.
Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusian egin dute aurkezpena Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta hiru enpresotako arduradun nagusiek.
Energy Intelligence Center erakundeak bultzatutako egitasmoa izango da. Aurrena, datozen sei hilabeteotan, mikrosarearen "kontzeptu- azterketa" egingo dute, eta ondoren, esperientzia pilotu bat jarriko dute martxan. Azkenik, eredu horren bideragarritasuna aztertu ondoren, negozio-plan baterako proiektua prestatuko dute.
Rementeriak azpimarratu duenez, Energy Intelligence Centerrek garatuko duen bigarren akordioa da honakoa. Otsailean, Petronorrekin mugikortasun iraunkorreko unitate bat abian jartzea adostu zuen Aldundiak, ibilgailu jasangarriago bat garatzeko helburuarekin.
Ahaldun nagusiaren arabera, Bizkaiko ekonomiaren eta industriaren alor estrategikoetako bat da energiarena; urtean, 12.000 milioi euro fakturatzen ditu eta 14.000 lagunek egiten dute lana sektorean. Bizkaiko Aldundiak 75.000 euro bideratuko ditu mikrosare elektrikoa sortzera.