Ekonomia -
Lana
Rosell: 'Enplegu finkoa eta segurua XIX. mendeko kontzeptua da'
CEOE patronalaren presidenteak bilakaera digitalari buruzko ekitaldi batean egin du adierazpen polemiko hori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Rosell CEOE patronalaren presidenteak esan du “enplegu finkoa eta segurua XIX. mendeko kontzeptua” dela, “etorkizunean egunero borrokatu beharrekoa”. Hori dela eta, digitalizatze prozesua Europan eta Espainian bultzatzeko deia egin du, batez ere hezkuntzaren esparruan, “bestela iraultza digitalaren trena galtzeko arriskuan egongo gara”, ohartarazi du.
Bilakaera digitalari buruz Siemens konpainiak eta Roland Berger enpresa aholkulariak antolatutako ekitaldi batean hitzaldia eman du Rosellek. Digitalizazioa lanean funtsezkoa izango dela azpimarratu du eta “epe laburrean ezusteko ugari” izango direla iragarri du.
“Bilakaera digitalerako prozesuak dena aldatzen du negozioen munduan nahiz etxeetako egunerokoan, eta gaur ezinezkoa dena, ordu, egun eta aste batzuen buruan posible izatea ahalbidetzen du; beraz, mundu mailako erronka politiko, ekonomiko eta sozial handi baten aurrean gaude”, azaldu du.