Ekonomia -

Zergak

Diru-bilketak % 2,8 egin du behera Bizkaian 2016ko lehen lauhilekoan

“Datu txarra” dela uste du Foru Aldundiak. Hala, “departamentu eta foru entitate guztiek” gastua “lehenetsi” beharko dute.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Artxiboko irudia: EiTB
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Artxiboko irudia: EiTB
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko lehen lau hilabeteetan, 2.305 milioi euro bildu ditu Bizkaiak zergen bidez, iaz baino 66,1 milioi euro gutxiago (% 2,8 gutxiago), hain zuzen ere. Datu “txarra” dela onartu du Aldundiak.

Diru-bilketak behera egin du bai zerga zuzenetan bai zeharkakoetan. Horrela, kaltetuenak bazkun-zerga eta BEZa izan dira, Bizkaiko Ogasunak agiri batean azaldu duenez.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak barneko erregulazio, BEZ eta Zerga Berezien bidez beste bi foru erakundeei (Arabakoari eta Gipuzkoakoari) egindako ekarpenak, aldiz, % 4,2 egin du gora.

Sozietate-zerga bidez ere gutxiago bildu du (2015ean ere askoz ere gutxiago bildu zen zerga horien bidez, PFEZ edo laneko errendimenduen bidez baino), eta estatuko araudiaren menpe dauden enpresek kontura egindako lehen ordainketaren bidez bildutakoa 2015ean epe berean lortutakoaren laurdena izan da (9,8 milioi euro, aurten, urteko lehen lau hilabeteetan; 38,9 milioi euro, iaz, epe berean).

BEZaren bidez guztira bildutakoak ere % 2,3 egin du behera, eta ia 80 milioi euro gehiago itzuli dira.

Lanarengatiko atxikipenen bidez bildutakoak, berriz, % 2,2 egin du gora lehen lauhilekoan, 2015ean baino 21,8 milioi gehiago bildu baititu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak 286,1 milioi euro eman dizkie Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiei; 67,4 milioi, Arabakoari, eta 218,7 milioi, Gipuzkoakoari.

Gastua “lehenetsi”

Diru-bilketaren beherakada lehen lauhilekoan “datu txarra” dela uste du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala, “departamentu eta foru entitate guztiek” gastua “lehenetsi” beharko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurtengo aurrekontuetarako egindako aurreikuspenen arabera, 2016an iaz baino % 8,4 gehiago (7.063,3 milioi euro) biltzea espero zuten, baina oso zaila izango da aurreikuspen hori betetzea. Horrek ondorioak izango ditu. Aldundiak Bizkaiko udalei proiektuak finantzatzeko erabiltzen duen dirua, esaterako, gutxiago izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Gaurko albisteak Bizkaia Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gastu publikoa