Ekonomia -

Maiatzak 1

Sindikatuek kaleak hartu dituzte Langilearen Egunean


- "Lan-gatazka ugari" aurrikusten ditu ELAk

- CCOO-UGT krisiaren aurrean

- LABek "konpromezua" eskatzen du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuak kalera atera dira euren ahotsak entzunarazteko Maiatzaren 1ean:

"Lan-gatazka ugari" aurrikusten ditu ELAk

Adolfo Muñoz "Txiki" ELAren idazkari nagusiak gaur egindako adierazpenen arabera, "lan-gatazka ugari" izango dira enpresariek lan-baldintzen inguruan "lur errearen politika" erabili nahi badute.

Sindikatu abertzalearen buruak gaur Bilboko kaleetan zehar egindako manifestazioaren amaieran esan duenez, lan-erreformari dagokionez "patronala benetan ari da, eta babes politikoa du", eta honakoa gaineratu du: "Lan-baldintzei dagokienez lur errea nahi badute, lan-gatazkak ugaritu egingo dira".

Muñozek Gobernuak sustatu nahi duen lan-erreforma ez babestea eskatu die euskal alderdiei: "euskal alderdiek ezin dute Madrilen eztabaidatzen ari den erreforma hori babestu. Krisiaren aitzakiaz ezin da Zapateroren politika hori indartu", gaineratu du.

LABek "konpromezua" eskatzen du

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari orokorrak "konpromezua" eta "pausu eraginkorrak" ematea eskatu die politika eta gizarte agenteei eta sindikatuei "Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa" lortzeko. Etxaideren ustez, aldaketa hori "indarrak batzeko ahalmenaren eskutik etorriko da, aliantza sendoak lortzeko ahalmenaren eskutik".

Etxaidek adierazpen hauek egin ditu Beasainen egindako manifestazioan parte hartu baino lehen. Martxa Beasainetik abiatu da eta Ordizian amaitu da, "Langileen borroka, aldaketaren indarra" lemapean.

Manifestazio amaieran ekitaldi bat eta herri bazkari bat egin dute Ordiziako Udalaren plazan.

CCOO-UGT krisiaren aurrean

Bestalde, Euskadiko CCOOk eta UGTk sindikatuek izan behar duten presentzia nabarmendu dute "krisitik nondik" irten zehazteko. Biek batera ospatu dute Maiatzaren 1eko jaieguna, Bilbon milaka kiderekin egin duten manifestaldi batean.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak esan duenez, "merkatuak arautzeko, kalitatezko lanpostuak bilatzeko, aberastasunaren banaketa eta garapen orekatua" lortzeko sindikatuen papera aldarrikatu du, "justizia soziala eta krisitik irteteko formularik onena" eskuratzeko.

Manifestazioa hasi baino lehen, jarduera ekonomikoa soilik " kapitalaren pilatzea espekulatzeko asmoz" eta "zuhurkeria" bezala ulertzen dutenen kontra egin du Sordok. Martxak Bilboko kaleak zeharkatu ditu Aretzaraino "Enplegua sortzeko inbertsioa-Babes sozialeko berma" lelopean.

Iparralde

Baionan 2.000 lagunek CFDT,CGT, FSU, UNSSA, Solidaire eta ELB sindikatuek antolatutako manifestazioan parte egin dute.

Protestak Madrilen ere

Candido Mendez UGTren idazkari nagusiak "lan gatazka larri" bat gerta daitekeela ohartarazi du, 2011rako aurrekontuetan langabeentzako laguntzen diru-sortak murriztekotan, Elena Salgado Espainiako Gobernuko presidenteordeak (eta ekonomia eta Hazienda ministroa) esandakoaren harian. Alegia, diru-sortak "murrizgarriagoak" izango zirela esan zuen Salgadok.

Bestalde, Ignazio Fernandez Toxo CCOO sindikatuaren idazkari nagusiaren esanetan, lan-erreforma "oso handia bada ere, ez du herrialdeak behar adina lanpostu sortuko", hori dela eta, irtenbidea jarduera ekonomikoa bultzatzea litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea