Ekonomia -
NDFrekin batera
EBk 750.000 milioi bideratuko ditu euroa babesteko
Hala adostu dute Euroguneko Ekonomia ministroek kaudimen arazoak dituzten estatu kideen beharrak asetzeko eta moneta komuna defendatzeko helburuarekin.
Erredakzioa
Europar Batasunaren Ekonomia ministroek aurrekaririk ez duen mailegurako diru-funts bat adostu dute, eta Nazioarteko Diru Funtsarekin batera 750.000 milioi euro bideratuko dituzte, kaudimen arazoak dituzten estatu kideen beharrak asetzeko eta moneta komuna defendatzeko helburuarekin.
Historiako finantza operazio handiena da, eta goizaldean adostu dute erlojuaren kontrako lasterketa gisa, euroaren diru-trukeari kalterik ez egiteko eta estatu kide batzuen zorrarekin egiten ari diren espekulazioa galarazteko.
Adostutakoarekin, ordainketa balantzari laguntzeko 60.000 milioi euro jarriko dituzte, Europar Batasunaren baliabideen bermearekin.
Estatu kideren batek ordainketak egiteko arazoak baditu eta kopuru hori nahikoa ez bada, Euroguneko estatuek 440.000 milioi euro arteko maileguak emateko konpromisoa hartu dute.
Gainera, Olli Rehn Europar Batasuneko Ekonomia eta Moneta Gaietarako komisarioak iragarri zuenez, Nazioarteko Diru Funtsak Europak emandakoaren erdia adineko (250.000 milioi) maileguak emateko prest dago.
Dena batuta, Euroguneko estatuen esku 750.000 milioi euro egongo dira gehienez hiru urterako eta Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako baldintzetan, Alemaniak hala eskatuta.
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza Ministroen Kontseiluak (Ecofin) lotutako akordioa ia 12 orduko negoziaketen ostean iritsi da, Asiako burtsa nagusien irekiera baino lehen.
Tokioko merkatuak gogo onez jaso du neurria, euroa suspertu egin da yenarekiko eta dolarrarekiko.
Rehnen arabera, akordioaren helburua "euroa babestea" da, "kosta ahala kosta", eta Greziari laguntzeko mekanismoaren eskema bera jarraitzen du.
Diru-funts handiaren helburu nagusia espekuladoreak (Andres Borg Suediako ministroak "otso taldea" deitu zien) gainetik kentzea izango da, izan ere, Euroguneko estatu baten porrotaren aldeko apustua egiten ari dira duela aste batzuetatik hona.
Gaur goizaldean adostutako laguntza Greziari laguntzeko 110.000 milioi euroei batuko dizkiete.