Ekonomia -
Banesto auzia
Conderen abal-emaileak Francisco Franco Fundazioko goi-kargudunak dira
Alonso Garcia anaiek Fuerteventuran dauden lau lursailen agiriak entregatu dituzte Auzitegi Nazionalean, bankari ohiaren bermea ordaintzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mario Conde bankari ohiaren abala ordaindu duten Alonso Garcia anaiak Francisco Franco Fundazioko goi-kargudunak dira, iturri juridikoak aipatuta Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, Jaime Alonso Garcia fundazioko presidenteordea da, eta, Jose Angel Garcia, aldiz, patronatuko kide.
Bi anaiek Fuerteventuran dauden lau lursailen agiriak entregatu dituzte Auzitegi Nazionalean. Orain, Fiskaltzak aztertu beharko du nahikoak ote diren epaileak Conderi ezarritako 300.000 euroko bermea ordaintzeko.
Horien esanetan, lursailen balioa 610.818 eurokoa da, baina baliteke Ministerio Publikoak tasazio ofiziala eskatzea.
Pedrazek atzo ezarri zion bermea Mario Conderi, ikerketa oztopatzeko eta herrialdetik ihes egiteko arriskurik ez dagoela argudiatuta. Bankari ohia espetxetik ateratzen bada, epaitegira joan beharko du astero. Gainera, pasaportea kenduko diote, eta debekatuta izango du Espainiatik ateratzea.
Conde apirilean kartzelatu zuten, ‘Banesto’ auziko dirua Espainian sartzeko sare bat eratu izana egotzita.
Horren ildotik, baliteke bankari ohiak 13 milioi euro zuritu izana 1999tik 2014ra, auzi hartako kondenaren arabera oraindik ere 14,1 milioi euro ordaindu behar baditu ere.
Lehen aldiz 1994ko abenduan kartzelatu zuten. Orduan, 30 egun egon zen preso, ‘Banesto’ auzian. 1998ko otsailaren 26an berriz ere espetxeratu zuten, ‘Argentia Trust’ auzian. 1999ko abuztuaren 9an, baldintzapean aske utzi zuten.