Ekonomia -
Ikerketa
EHUk ikuskari gehiago eskatu ditu iruzur fiskalaren aurka
Iruzur fiskalaren aurkako borrokan foru aldundiek egindako lana ez dela gardena kritikatu dute hiru adituk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko foru aldundiek ez dute "metodologia komunik" iruzur fiskalaren aurka borroka egiteko, eta, gainera, ez dago argi haien neurriak "eraginak" diren. Horrenbestez, baliabide eta ikuskari gehiago behar dira, eta "ihes bideak" itxi beharra dago, azken erreformak "zuloak" baititu.
Ondorio horiek Ignacio Zubiri, Javier Fernandez-Macho eta Carmen Gallastegui EHUko katedradunek aurkeztu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean, EAEko ekonomia ezkutuari eta iruzur fiskalari buruzko ikerketa bat egin baitute.
Ekonomia ezkutua Euskadiko BPGren % 17koa da, eta urtean 3.700 milioi biltzeari uztea dakar (2.000 milioi ogasunek eta 1.700 milioi Zerga Agentziak).
Horregatik, iruzur fiskalaren aurka borroka egiteak "onura handiak" ekarriko lituzkeela eta bildutakoa zeregin horretarako inbertitutako guztia baino "askoz gehiago" izango litzatekeela nabarmendu du Fernandez-Machok.
Bestalde, Zubirik salatu egin du aldundiek ez dutela gardentasunik iruzurraren aurkako borrokan, eta erakundeek "metodologia komunik" ez izatea ere kritikatu du.
"10.000 biztanle bakoitzeko EAEn dauden ikuskari kopurua Alemaniakoaren erdia da. Zenbat daude Euskadin? Ideiarik ez, Fatimaren hirugarren sekretua ez dago hain babestuta inspekzioekin alderatuta", adierazi du, ironiaz.
Katedradun horrek zalantzan jarri du aldundiek abiatutako neurrien eraginkortasuna. "Ematen du iruzurgileak atzemateko probabilitatea txikia dela, eta, hala gertatzekotan, erraza dela akordioa lortzea. Eta denak okerrera egiten badu, Mario Condek bezala egin dezakezu: dirua ezkutatu", deitoratu du.
Bestalde, Gallasteguik kezka agertu du, "ikerketa gutxi" egin baita iruzur fiskalari buruz, gaia "oso garrantzitsua" bada ere. Gainera, ikerketa egiten deseroso sentitu direla adierazi du: "linterna ahul batekin kobazulo oso ilun bat aztertzea bezala".
Adituek behatoki independente bat sortzea gomendatu dute, iruzurraren aurka borroka egiteko. Erakunde hori Eusko Jaurlaritzaren edota aldundien menpekoa ez izatea aldarrikatu dute, "botere banaketa" egon dadin, eta alderdikeriarik ez egoteko.
"Ez da mesfidantza kontua; politiken azterketak emaitzetan interesik ez dutenek egin behar dituzte", argudiatu dute.