Ekonomia -

Defizitaren aurkako neurriak

Salgadok uste du zergen igoerak ez duela hazkundea txikituko

Ekonomia ministroak esan du aberatsen zerga igoera "oso berezitua" izango dela, baina Zapaterok iragarritako neurria "zehazteke" dagoela azaldu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elena Salgado Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministro eta bigarren presidenteordeak gaur azaldu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak iragarri zuen zergen igoera "oso berezitua" izango da, eta ez dio Espainiako ekonomiaren hazkundeari eragingo, zerga igoera orokor batek egingo lukeen moduan.

RNEri eskainitako elkarrizketa batean Salgadok berretsi duenez, zergen igoerak errenta altuenak dituztenei soilik eragingo die, baina "oraindik zehazteke" dago. Hala ere, argi adierazi nahi izan du gehien dutenek ahalegin gehigarria egin beharko dutela "krisiak dirauen bitartean gutxienez".

"Egia da zergen igoera orokor batek eragina izango lukeela hazkundean, baina berezitua egiten badugu, eta hala izango da seguru, ez du eraginik izango hazkundean", adierazi du ministroak, defizit publikoaren murrizketa gastuak gutxituz lortuko dela esan aurretik.

Salgadok berretsi duenez, Gobernuak krisia hain "gogorra" izan behar zela jakin izan balu Ondarearen gaineko Zerga deuseztatzea "atzeratuko" zukeen, izan ere, 2.000 milioi euroko diru-sarrerak sortzen zituen. "2.000 milioi euro horiek krisiaren urte gogorrenean falta izan zaizkigu", onartu du.

Hazkundearen aurreikuspena

Presidenteordeak azpimarratu du Gobernuak datorren urterako egin duen ekonomia hazkundearen aurreikuspena, % 1,3koa, "oso kontserbadorea" dela, eta Gobernuak “aurreikuspen hori gaindituko dela” espero duela.

Salgadok uste du hazkundearen aurreikuspena % 0,5 murriztea ez dela defizitaren aurkako planaren eraginez soilik izango, baizik eta Danimarka, Portugal eta Italiak hartutako austeritate neurriek ere eragina izango dutela.

Dena dela, Ekonomia eta Ogasun ministroak gogorarazi du erreformekin ere sustatzen dela ekonomia. Aipatu erreformak, zerbitzuen edo lanaren merkatuena adibidez, gastu publikoari eusteko oinarrietako bat dira eta ekonomia suspertzen eta lana sortzen lagunduko dute, Salgadok goraipatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea