Ekonomia -
Bankuak
BBVAk iaz baino % 33,6 gutxiago irabazi zuen ekainera arte
Hala ere, apirila eta ekaina artean, “azken urteko mozkinik handiena lortu du hiruhilekoan”, 1.123 milioi euro, aurreko hiruhilekoan baino % 58,4 gehiago, entitateak azaldu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
BBVAk 1.832 milioi euroko etekina lortu zuen 2016ko urtarrila eta ekaina artean, iaz baino % 33,6 gutxiago, kanbio-tasen eraginagatik eta operazio korporatiboen gabeziagatik.
Hala ere, apirila eta ekaina artean, “azken urteko mozkinik handiena lortu du hiruhilekoan”, 1.123 milioi euro, aurreko hiruhilekoan baino % 58,4 gehiago, entitateak agiri batean gaur azaldu duenez.
“Mozkinaren hazkunde erritmoa areagotu da bigarren hiruhilekoan eta 2017an % 11 kapital ratioa lortzeko helburuan aurrera egiten ari gara”, goraipatu du Carlos Torres Vila kontseilari delegatuak.
Ekainean, bezeroen kreditua 433.268 milioi eurokoa zen, iaz baino % 10,2 gehiago. Bestalde, berankortasun ratioa % 5,1ekoa da, 2015eko ekainean baino puntu bat gutxiago, entitateak erantsi duenez.