Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
Neurriak "bidegabeak eta bat-batekoak" direla esan dute aldundiek
Jose Luis Bilbaok, Markel Olanok eta Xabier Agirrek agerraldia egin dute, goizean Zapateroren neurriak eztabaidatzeko lehendakariarekin eta Eudelekin bildu ostean.
Erredakzioa
Gobernu zentralak proposatutako neurriak "bat-batean egindakoak, gogorrak, bidegabeak eta epe laburrera" direla adierazi dute Jose Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputatu nagusiek. "Egoera ezberdinen aurrean, guztientzako kafea" direla deritzote.
Foru Aldundietako arduradunek agerraldia egin dute gaur arratsaldean, Bilbon, goizean Patxi Lopez lehendakariarekin eta Eudelekin egindako bileraz aritzeko. Horrez gain, Zapateroren ekimenek langabetuengan eta pentsiodunengan eragingo duten kaltea konpontzeko "neurri fiskalak" martxan jartzeko eskatu diote Patxi Lopez lehendakariari.
Bilbao, Olano eta Agirreren ustez ,funtzionarien kasuan "egokiena" soldataren izozketa litzateke, beti ere, "egoerak hobera egiten duen arte".
Bileran, ahaldun nagusiek "kezka" azaldu dute, Espainiako Gobernuak iragarritako neurriek Euskadin izango duen eraginaren aurrean.
Azpiegituretan aurreikusitako inbertsioak mantentzeko eta funtzionarien soldatak ez murrizteko eskatu diote ahaldun nagusiek lehendakariari goizean egindako bileran.
Arabako ahaldun nagusiaren ustez, Zapaterok iragarritako neurriek "ez gaituzte krisi egoeratik aterako ezta hazkundearen bidean jarriko". "Krisia eragin ez dutenek pairatuko dituzte iragarritako neurriak", gaineratu du Agirrek.
Zentzu honetan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ahaldun nagusiek Zerga Kidetarako Sailera joko dute, pentsiodunei eta langabeei zuzendutako neurri berriak proposatzeko.