Ekonomia -
Greba Gipuzkoako metalgintzan
Sindikatuek %85-90eko jarraipena zenbatu dute, eta Adegik %35ekoa
ELAk, LABek eta CCOOk deitu dute protesta jardunaldia, azken horrek deialdi propioa egin du. UGTk, aldiz, atzera egin du eta ez du deialdiarekin bat egin, Adegik egindako azken eskaintza ontzat jota.
Erredakzioa
ELAk, LABek eta CCOOk gaurko Gipuzkoako metalgintzan deitutako greba % 90eko jarraipena izaten ari da enpresa handietan, % 85ekoa txikietan, aipatu zentralek informatu dutenez.
Horrenbestez, deialdia arrakastatsua izan dela adierazi dute.
Bere aldetik, Gipuzkoako patronalak ziurtatu du greba porrota izan dela, eta jarraipena % 35ekoa baino ez dela izan.
2.000 langile baino gehiago parte hartu dute Donostian metalgintza sektorearen hitzarmenaren defentsan. Martxaren lema "Hitzarmen duin baten alde" izan da.
Manifestazioa hasi baino lehen, ELA eta LAB sindikatuen ordezkariek, Jose Luis Vidalek eta Jon Ander Goñik langileak zoriondu dituzte, "euren laguntza" erakusteagatik deitu duten lehenengo greba egunean.
UGTk bat egin zuen gaurko deialdiarekin, baina aste honetan bertan behera utzi du deialdia Adegik egindako azken eskaintza aski irudituta.
CCOOk, berriz, deialdi propioa egin du gaurko eta ekainaren 4rako.
Sindikatuen eta Adegiren arteko ezadostasunak lan-hitzarmenaren negoziaketa bera planteatu zenean hasi ziren.
Sindikatuek normaltzat jotzen zuten konbenio berriak aurrekoaren lan-baldintzak hobetu behar zituela. Aldiz, Adegi patronalak lan-hitzarmenaren sistema bera zalantzan jarri zuen eta sindikatuek atzera pausotzat jo zituzten neurriak jarri zituen mahai gainean.
Negoziaketa mahaia bertan behera geratu ondoren, sindikatuek huelga deialdia egin zuten eta aste honetan bertan Adegi prest azaldu da aurreko konbenioa abiapuntutzat hartuta negoziatzen hasteko.
Eskaintza horren aurrean, UGT sindikatuak greba bertan behera uztea erabaki du, baina ELAk eta LABek batetik, eta CCOOk bere aldetik, gaurko deialdiari eustea erabaki dute.
ELAren iritziz, Adegik ez du atzera egin hainbat edukitan, lan kontratuen malgutasunaren atalean esaterako.
LAB ere iritzi berekoa da, eta bere ustez, Adegik aurpegia zuritu nahi du sindikatuen presioaren aurrean.
CCOOk, bere aldetik, Adegiren tonu aldaketa ez dela nahikoa esan du.