Ekonomia -
Bilera
ACB berriz irekitzeko data zehaztu nahi dute langile eta zuzendaritzak
Enpresaren eta langileen ordezkariak goizean bildu dira, eta baliteke irailaren bigarren asteburuan berreskuratzea ekoizpena lantegiak, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
EiTB.EUS
Sestaoko ACBren langileen eta zuzendaritzaren ordezkariak goizean bildu dira, duela zazpi hilabete itxi zuten lantegia berriro noiz irekiko duten zehazteko. Radio Euskadik zabaldu duenez, bi aldeek izan zuten azken bileran, abuztuaren 8an, mahai gainean jarri zuten egon badagoela iraileko bigarren asteburuan, irailaren 9an, irekitzeko aukera, baina behin betiko data ArcelorMittalek berretsi behar du; hau da, lantegiaren nagusiaren oniritzia behar dute egun horretan irekitzeko.
ACBren ekoizpena asteburuetan berreskuratzeaz gain, ArcelorMittalek beste puntu bat ere onartu behar du: lantegiaren negozio-plan berria. Plan horretarako, ezinbestekoak dira Eusko Jaurlaritzak lehiakortasuna bultzatzeko ematen dituen diru-laguntzak; enpresa eta Jaurlaritza negoziatzen ari dira, baina oraingoz ez dago akordiorik. ACBk I+G bultzatzeko laguntzak jasotzeko aukera izan nahi du (horien % 25 funtsa publikoek finantzatzen dituzte). ACBk, baina, deialdietan lehiatu beharko du. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren iritziz, ArcelorMittalek badu diru-laguntzak jasotzeko programen berri.
I+G bultzatzeko zentroa, Zamudiotik Sestaora
Abuztuaren 8an egindako bileran, Zamudioko Parke Teknologikoan I+G bultzatzeko duen zentroa Sestaora eramateko aukera badagoela esan zuen ArcelorMittaleko zuzendaritzak; horrela, batetik, alokairua aurreztuko lukete, eta, bestetik, Ezkerraldeko lantegia hein batean okupatuko lukete.
Gaurko bileraren helburu nagusia berriro irekitzeko data berrestea da, iturri batzuen arabera.