Ekonomia -
Datuen ibiltaritza
Europar Batasunak baztertu egin du 'roaming'aren amaiera mugatzea
Hala eta guztiz ere, "gehiegikeriak" galarazteko sistema bat aurreikusi dute, eta telefonia zerbitzua eskaintzen duten enpresak izango dira kontrol lanak egingo dituztenak.
agentziak | erredakzioa
Europar Batasuneko herritarrek gainkosturik gabe erabili ahal izango dute Estatu kide guztietan 'roaming'a inolako egun eta datu kopuru mugarik gabe, hala erabaki baitu Europako Batzordeak. Dena dela, telefonia zerbitzua eskaintzen duten enpresek "gehiegikeriak galarazteko neurriak hartu ahal izango dituzte.
Hori horrela, Europako Batzordeak atzera egin du, hasiera batean 90 egunera mugatu baitzuen beste herrialde batzuetan 'roaming'a ez kobratzeko aukera.
"Edozein herritarrek etxean bezala erabili ahal izango du datu zerbitzua. Baina horretarako, gehiegikeriak saihestu behar ditugu", adierazi du prentsaurreko batean Andrus Ansip Merkatu Digital bakarreko presidenteordeak.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteak aurreko irailaren 9an eskatu zuen hasierako zuzentarauak atzera botatzeko, eta berriak egiteko, 2017ko ekainaren 15ean 'roaming'ari amaiera emateko prozesua guztiz bete dadin.
"Gehiegikeriak" galarazteko eta enpresek etekinak lortzeko tartea izan dezaten, hala sare berrietan inbertitzeko, Europako batzordeak proposatu du "bidaiatzen duten pertsonek" gainkosturik ez ordaintzea.
Telefonia enpresek bezeroen erabilera ohiturak egiaztatu ahal izango dituzte: Estatu barruko kontsumoa "ezereza" bada roamingaren aldean, datuak roamingez soilik erabiltzen baditu edo erabiltzaile berak roamingean txartel asko erabiliz gero.
Kasu horietan, enpresek bezeroak ohartaraziko dituzte eta, "soilik baldintza horiek betez gero", "gainkostu txikiak" ezarriko dizkiete: 4 zentimo minutuko, zentimo bat SMSko, eta 0,85 zentimo megabyte bakoitzeko.
Hala, enpresak izango dira gehiegikeria nork egin duen zehaztuko dutenak, eta bezeroak erreklamazioa jarri ahal izango du.
EBko iturrien arabera, prozedura horrek ez du enpresen zaintza areagotuko, dagoeneko biltzen duten informazioa baita.
Ansipek, gainera, azpimarratu du "kasuen % 99k" ez duela arazorik izango.