Ekonomia -

Zergak

Agirrek dio hiru aldundiek elkarrekin proposatuko dutela zerga igoera

Arabako ahaldun nagusiak adierazi duenez, EAEko hiru aldundiek proposamen bateratua egingo dute Zerga-Kideketarako Sailean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak esan du EAEko hiru aldundiek proposamen bateratua egingo diotela Zerga-Kideketarako Sailari, baina ez dutela datorren asteazkenean egingo, osatu arte itxarongo baitute. Dena dela, bertan soldata altuak dituzten herritarrei zergak igotzeko aukera aztertzea aipatuko dutela ziurtatu du.

Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketa batean Agirrek azaldu duenez, hiru foru aldundiek, "elkar hartuta", txosten bat aurkeztuko dute eta bertan izango dira Arabako ahaldun nagusiak iragarri zituen neurriak, baina baita Bizkaikoak eta Gipuzkoak proposatutakoak ere.

"Ziur esan dezaket proposamen bateratu horretan Arabako Aldundiak aztertzen dituen neurri guztiak egongo direla", gaineratu du.

Atzo Urkullurekin bildu ziren

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presindeteak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Markel Olano Gipuzkoakoak eta Xabier Agirre Arabakoak bilera egin zuten atzo Bilboko Sabin Etxean, eta "zergak ukitzea" behar ote den eta zer aldatu beharko litzatekeen aztertu zuten.

Atzoko bileran, Urkulluk eta foru erakundeetako ordezkari nagusiek zerga sistema aldatzeko aukeraz hitz egin zuten.

Hala ere, "denbora" badagoela uste dute, izan ere, neurri horiek datorren urtean jarriko bailirateke indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea