Ekonomia -
Gasteiz
Lan-hitzarmenaren aurre-akordioa sinatu dute Mercedesen
Akordioa UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek sinatu dute, baina ez du enpresa-batzordeko gehiengo sindikalaren (ELA, LAB, CCOO eta ESK) babesa.
Agentziak | Erredakzioa
UGT, Ekintza eta PIM sindikatuak akordio batera heldu dira Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaritzarekin, lan-hitzarmena sinatzeko. Alabaina, akordio horrek ez du enpresa-batzordean gehiengoa duten ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen babesa.
Hitzarmenak % 1,8ko soldata igoera aurreikusten du eta bost urterako egongo litzateke indarrean.
Bost urte horietan Mercedeseko 1.000 langile ebentual finko egiteko konpromisoa hartu du enpresak: 500 inguru lehendabiziko urtean eta 125na gainerako urteetan.
Akordioak erreferendum bat aurreikusten du eta langileek lan-hitzarmena babesten duten ala ez adierazi beharko dute.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek gogor kritikatu dute akordioa, gutxiengo sindikalak egindakoa delako eta negoziazio mahaitik kanpo negoziatu dutelako.
Ildo horretan, ELAk ohartarazi du “lan-baldintzak okertu” egingo direla eta LABk salatu du “iruzurra” egiten ari direla.
Joan den maiatzean, ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k Iñaki Andres (UGT) komiteko presidentea kargutik kendu zuten, lan-hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko irtenbide bakarra zela iritzita. Orduz geroztik, enpresa-batzordea bi zatitan banatuta egon da.
Mercedeseko enpresa-batzordea 27 ordezkariz dago osatuta; UGT da sindikatu nagusia 9 delegaturekin, baina ELAk, CCOOk, LABek eta ESK-k 14 ordezkari dituzte.