Ekonomia -
Lege-dekretua
Jaurlaritzak pobrezia energetikoaren aurkako laguntzak ezarriko ditu
Lege berria urte bukaerarako edo datorren urte hasierarako egon da prest. Aurretik, pobrezia energetikoa zer den eta nori eragiten dion zehaztu behar dute.
Agentziak | Erredakzioa
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Emergentzia Sozialetarako Laguntzen legeak pobrezia energetikoari buruzko atal berezi bat izango du, eta hor zehaztuko ditu arazo horri aurre egiteko laguntzak zeintzuk izan behar diren.
Toñak Bilbon egin du iragarpena, Etxebizitza Behatokien III. Foroan, Reusen gertatutakoaz galdetu diotenean. Adineko emakume bat hil zen Reusen, kandela batek eragindako sute baten ondorioz; argindarra kendu zioten, ordaintzeko modurik ez zuelako.
Horrelako kasuak ekiditea “oso zaila” dela esan du, indibidualak direlako eta gizarte zerbitzuen laguntzarik gabe. Alabaina, Euskal Autonomia Erkidegoan horrelakorik gertatzea “ezinezkoa” dela azpimarratu du.
Toñak azaldu du Udal Legea onartu zenetik, Emergentzia Sozialetarako Laguntzen dekretua lantzen ari dela Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarrak berak eskatuta. Lege horrek pobrezia energetikoari buruzko atala bat izango du eta bertan zehaztuko dituzte eman beharreko laguntzak.
Hortaz, lehendabizi, pobrezia energetikoa zer den eta nori eragiten dion zehaztu behar du Jaurlaritzak, eman beharreko laguntzen zenbatekoa zehazteko ondoren.
Lege berria urte bukaerarako edo urte berriaren hasierarako egongo da prest.
Nolanahi ere, Toñak esan du Euskal Autonomia Erkidegoan pobrezia energetikoa pairatzen duten pertsonek laguntzak jasotzen dituztela jada. Emergentzia Sozialetarako Laguntzen legean jasota daude.