Ekonomia -
Greba orokorra
Lehendakariak uste du herritarrek 'bizkarra' eman ziotela grebari
Gasteizko Gobernuko buruaren esanetan, euskal herritarrek "jakin badakite erantzukizunaren garaia dela eta denok bat egin behar dugula".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi du Euskadiko herritarrek "bizkarra" eman ziotela atzo greba orokorra-ri, "jakin baitakite erantzukizunaren garaia dela eta denok bat egin behar dugula, ez hondoratzeko".
Kargura iritsi zela urtebete betetzen den honetan, Lopezek esan du "indartsu" dagoela eta Gobernua egonkorra eta "herrialde honek behar dituen politikak gidatzeko gai" dela.
Horren ildotik, CCOOk EAErako eta sindikatu abertzaleek Euskadirako eta Nafarroarako deitutako grebak ez direla lehenak ezta azkenak ere izango gogorarazi du. Izan ere, irailaren 29rako greba orokorra dute deituta UGTk eta CCOOk, Estatu osoan.
"Nik errespetatu egiten dut sindikatuen greba eskubidea, baina daukaten baliabide garrantzutsuena da eta ez lukete horrenbeste arinkeriaz erabili beharko. Urtebetean lau greba egitea gehiegizkoa iruditzen zait", esan du, gaur goizean Punto Radion egin dioten elkarrizketa batean.
Bere aburuz, herritarrek "bizkarra eman zioten gehienbat grebari, jakin baitakite erantzukizunaren garaia dela, krisiaren aurrean denok bat egin ezean hondoratu egingo baikara". "Eta Euskadin egiten ari garena denok bat egitea dela uste dut", gaineratu du.