Ekonomia -
Eztabaida soziala
2060an erretiroa 70 urteraino luzatzea nahi du Europak
Datozen urteotan Europar Batasunak aukeratu egin beharko du: "Pentsiodun txiroagoak izan" eta "pentsio sistemarako ekarpenak handitu" edo "lanbizitza luzeagoa duten langile gehiago eduki".
Erredakzioa
Hiritarren zahartzea dela eta, apurka-apurka lan-bizitza luzatzeko gomendatu du Europako Batzordeak. Hori horrela, etorkizun demografikoa kontuan izanda, 2060an erretiroa 70 urteraino atzeratzea proposatu dute.
Gaur Bruselan aurkeztutako txosten baten arabera, krisi ekonomikoa eta hiritarren zahartzea dela eta, Europako Bartzordeak pentsioak bermatzeko eskatu die Europar Batasuneko 27ei.
2010ean aurreikusitako dependentzia ratioa mantentzeko, 2060an erretiroa 70 urteraino atzeratu beharko litzatekeela dio txostenak.
2008an Eurostatek (Europako estatistika bulegoa) emandako datu demografikoetan oinarritzen da hipotesi hau.
Datozen urteotan Europar Batasunak "pentsio txiroagoak" izatearen eta "pentsio sistemari egindako ekarpenak handitzearen edo denbora luzeagoz lan gehiago egiten duten langile gehiago" izatearen artean erabaki beharko du. Laszlo Andor komisarioaren hitzetan, Europako Batzordeak "eztabaida sozialari hasiera eman" nahi dio.
Dena den, Laszlok ohartarazi duenez, krisi ekonomikoaren eraginez zenbait herrik jasaten duten presio ekonomikoaren aurrean, herri horiek ez lituzkete premiazko neurririk hartu behar, besteak beste, "erretiro adina atzeratzea". Horren ordez, "epe luzerako" ekimenak abian jartzeko proposatu du.