Ekonomia -
AP-8
EAEko aldundiak, gehienezko bidesari bateratua ezartzeko bidean
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian iragarri duenez, bi aldundiak asmo horrekin ari dira elkarlanean.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko aldundiak foru aldundiak AP-8 eta AP-1 autobideetan bidesari sistema bateratua ezartzeko aukera aztertzen ari dira.
Hala adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Bere esanetan, asmoa aurten Bizkaian ezarri duten sistemaren antzeko neurri bat jartzea da. Bizkaian, hilero gehienez 30 euro ordainduko dituzte AP-8 autobideko, hegoaldeko saihesbideko eta Artxandako tuneletako erabiltzaileek.
Ildo horretan, Imanol Pradales Garapen Ekonomikorako Bizkaiko ahaldunak esan du "akordioa aurten ixtea" nahiko lukeela.
Bi diputazioak aukera hori aztertzen denbora daramatela azaldu du, "baina gaia konplexua da, neurri horrek bi lurraldeetan izango lukeen eragin ekonomikoa kontuan izan behar delako".
Nolanahi ere, dena bide onetik doala erantsi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere berretsi du Unai Rementeriak egindako iragarpena. Imanol Lasa bozeramaileak jakinarazi du akordioa "oso hurbil" dagoela, "ez baitago oztopo politikorik".
Sistema hori ezartzeko arazoak, "kudeaketa informatikoari edo teknologikoari lotutakoak" direla zehaztu du, eta horiei irtenbidea emateko modua bilatzen ari direla esan du.