Ekonomia -
Konfiantza-galdea
EH Bildu abstenitu egingo da eta Gasteizek aurrekontuak izango ditu
Gorka Urtaranek aurrekontuak izatea bermatuko duela iragarri du koalizio abertzaleak.
eitb.eus
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak aurrekontuak izango ditu. EH Bilduk iragarri du abstenitu egingo dela asteleheneko konfiantza-galdea, eta horrek bermatu egingo du kontuen onarpena.
"Urtaranek aurrekontuak izango ditu", aurreratu du Miren Larrion koalizio abertzaleko bozeramaileak, asteleheneko bozketan zer egin erabakitzeko ostegun iluntzean egindako asanblearen ostean.
EH Bilduk azaldu duenez, "bigarren aukera bat" eman nahi diote "aldaetari". Horregatik, ostiral honetan beste proposamen bat aurkeztuko diote Urtarani.
Dena dela, alkateak hura onartu edo ez, astelehenean abstenitu egingo direla gaineratu du.
Asteartean, Urtaranek konfiantza-galdea iragarri zuen, jeltzaleek eta sozialistek osatutako udal gobernuak ez zuelako babes nahikoa lortu kontuak aurrera ateratzeko.
Aurrekontuak onartzeko Hauteskunde Erregimenaren Legeak jasotako bidea da konfiantza-galdea. Horren arabera, alkate batek udalbatzari konfiantza-galdea egin diezaioke osoko bilkurak aurrekontu proiektua baztertzen badu. Oposizioak hilabeteko epea du alkategai adostu bat aurkezteko; hori lortu ezean, kontuak automatikoki onartuko dira.