Ekonomia -

'murrizketen' kontra

Hezkuntzan bi greba egun deitu dituzte ELAk, LABek eta Steilasek

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan lanuzteak deitu dituzte maiatzaren 16rako eta 23rako.

Ordezkari sindikalak, prentsaurrekoan. Argazkia: ELA, LAB eta Steilas
Argazkia: ELA, LAB eta Steilas
Ordezkari sindikalak, prentsaurrekoan. Argazkia: ELA, LAB eta Steilas

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza alorrean gehiengoa duten sindikatuek (ELA, LAB eta Steilas) bi greba egun deitu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Lanuzteak maiatzaren 16an eta 23an izango dira.

Sindikatuotako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute goizean Bilbon greba deialdiaren berri emateko. Agerraldian, hiru sindikatuek adostutako agiria irakurri dute, eta Eusko Jaurlaritzak azken urteetan egin dituen "murrizketak" salatu dituzte.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuen ustez, "ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urteetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea", eta egoera hori iraultzeko asmotan, grebara deitu dituzte langileak. Horrez gain, maiatzaren 20rako manifestazioak antolatu dituzte hiru hiriburuetan.

Martxoaren 22ko greba deialdiak izandako "jarraipen zabala" nabarmendu dute sindikatuok, eta egoerari "buelta" emateko Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerak gogorarazi dituzte. Sindikatuon hitzetan, Jaurlaritzak ez du negoziatzeko borondaterik agertu, eta, hala, "greba eta mobilizazio dinamika areagotu beste biderik ez" dutela izan azpimarratu dute.

Eskakizunen artean, besteak beste, honakoak daude: Heziberri programa bertan behera uztea, LOMCE "Euskal Herriko ikastetxeetatik ateratzea", hezkuntzan egin beharreko inbertsioa % 6ra igotzea apurka-apurka, ikasle-ratioak murriztea eta ordezkapenak lehen egunetik egitea.

Ohartarazi dutenez, Hezkuntza Sailak egindako eskaerei erantzunik eman ezean, 2017/2018 ikasturtean ere mobilizazioak eta grebak egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Euskal sindikatuak