Ekonomia -
KOLONBIA
Cundinamarca, Jaurlaritzaren aliantza estrategikoen sareko kide berria
'Interes handiko eskualdea da Euskadirentzat bere kokapen estrategikoari eta bere komunikazio-sareari esker', esan du lehendakariak.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak eta Cundinamarca Kolonbiako departamentuak elkarlanerako akordio bat sinatu dute, "harremanak sendotu eta horietan sakontzeko lankidetza-proiektuak garatzeko elkarren intereseko eremuetan". Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jorge Emilio Rey Cundinamarcako gobernadoreak izenpetu dute memoranduma.
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Kolonbian da egunotan, Urkullu buru dela, bidaia ofizialean. 'Euskadi 2020ren Internazionalizazio Esparru Estrategian' planaren baitan, "lehentasunezko kide" gisa identifikatuta du Gasteizko Gobernuak Kolonbia, euskal enpresen presentzia handiena duen Hego Amerikako herrialdea.
Urkulluk azaldu duenez, "aliantza estrategikoen sare bat garatzen ari da Euskadi interes partekatuak dituzten eskualde aitzindariekin. Cundinamarca seigarren kide gisa txertatzen da sare horretan". Epe laburrean, Quebec ere sare horretara batzea da helburua.
"Cundinamarca departamentuarekin sinatutako memorandumak, besteak beste, ondorengo lan-esparruetan lankidetzarako proiektuak jasotzen ditu: merkataritza, inbertsioak eta negozioak, balio partekatuaren ereduak, espezializazio adimentsua, lehiakortasuna, produktibitatea eta produktu eta elikagai prozesatuen merkaturatzea hobetzeko ereduen trukea, enpresen nazioartekotzea, I+G+B, ingurumena, lurralde-plangintza, kultura, hezkuntza eta turismoa", nabarmendu du Jaurlaritzak.
Kolonbiako 32 departamentuetako bat da Cundinamarca. Eskualdeak 10 milioi biztanletik gora ditu, eta bertan daude herrialdeko enpresen herena. Lehendakariaren arabera, herrialdearen hazkundearen eragilea da eskualde hori, Kolonbiako Barne Produktu Gordinaren % 30 bertan sortzen baita.
"Interes handiko eskualdea da Euskadirentzat bere kokapen estrategikoari —Kolonbia erdialdean dago— eta bere komunikazio-sareari esker", esan du Urkulluk.
Akordioa sinatu ondoren, Urkullu eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua Kolonbian egoitza duten euskal enpresen ordezkariekin bildu dira. "Bertan, enpresek orain dituzten premiak eta zailtasunak zuzenean ezagutzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak enpresa ehunari hedatze eta nazioartekotze prozesuetan laguntzeko bere konpromisoa helarazi die", Jaurlaritzak horren berri emateko zabaldutako oharraren arabera.