Ekonomia -

FMIren biltzarra

Zapaterok langabeziaren arazoa 'oso larria' dela onartu du

Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, gainera, pentsio sistemaren erreformarako lege proiektu aurtea amaitu baino lehen aurkezteko asmoa du Parlamentuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak onartu egin du Espainiako langabeziarena "oso arazo larria" dela, baina ohartarazi du "krisi okerrena ezkortasunarena" dela, "konfiantza ezarena eta etsipenarena", eta Espainia ez dela egoera horretan eroriko.

Zapaterok mezu hori helarazi die Nazioarteko Diru Funtsak eta Nazioarteko Lan Erakundeak Oslon antolatu duten batzarrean bertaratu direnei.

Espainiak bizi duen langabeziaren arazoa "oso larria" dela onartu du, eta "ikuspuntu berri batetik" aurre egin behar zaiola iritzi dio.

Agintari espainiarraren arabera, beharrezkoa da ohiko politiketatik alde egin eta pertsona batek trebakuntza jasotzen duenean "lanean ari dela, herrialde batentzat ari dela lanean" jakin behar dugu.

Pentsioen etorkizunaz ohartarazi du

Espainiako Gobernuaren buruak pentsioen erreformari heltzeko asmoa duela berretsi du, izan ere, "hemendik hamar edo hamabost urtera" arazoak izango dituela dakigunean ekin behar dugu.

Zapaterok esan du aldaketa ez dela erraza izango, baina urtea amaitu baino lehen lege proiektua Parlamentura bidaltzeko asmoa agertu du.

"Agintean dagoenak, dituen datuekin, hamar edo hamabost urte barru pentsioen sistemak arazoak izango dituela badaki, ekin egin behar du eta horixe egingo dugu guk", Gobernuko presidenteak azaldu duenez.

Bankuen kaudimen legeak gogortzea txalotu du

Bestalde, Zapaterok banku zentraletako arduradunen erabakia txalotu du etorkizuneko krisiak saihesteko kaudimen baldintzak gogortzeagatik. Erabaki "zentzuduna eta arduratsua" izan dela iritzi dio.

Zapateroren arabera, Espainiako finantza sistemak "oso ondo" eutsi baldin badio nazioarteko finantza krisiari, neurri prebentiboengatik izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea