Ekonomia -
Erresuma Batua
Iberdrolak Erresuma Batuan itsas parke eolikoa eraikitzeko baimena lortu du
1.200 megawatt arteko potentzia sortu ahal izango du, milioi bat etxebizitza inguru hornitzeko.
agentziak | erredakzioa
Iberdrolak, ScottishPower Renewables filialaren bidez, East Anglia Three itsas parke eolikoa eraikitzeko baimena jaso du Erresuma Batuko Gobernuaren aldetik, enpresak jakitera eman duenez.
Euskal argindar enpresaren esanetan, itsas parke eoliko hori da Estatuko enpresa batek energia berriztagarrien alorrean egingo duen proiektu handiena.
East Anglia One parkearekin bat egingo du, eta 1.200 megawatt arteko gaitasuna gehituko dio, guztira 2.000 megawatt inguruko gaitasuna izango duen parkeari. Horrela, East Anglia parkea energia berriztagarrien sektoreko parke handienetako bat izango da.
Norfolkeko kostatik 69 kilometrora eraikiko dute, Londresetik nahikoa gertu, eta milioi bat etxebizitzari argindarra emateko moduan egotea espero dute.
Parkeak 305 kilometro koadro hartuko ditu, eta 100-120 aerosorgailu jarriko dituzte bertan. 247 metroko altuera izango dute; ohikoek baino dezente altuagoak izango dira, beraz.
Aurreikuspenak betez gero, 2022an erakitzen hastea eta 2025erako martxan izatea espero dute.