Ekonomia -
Lan-gatazka
CELeko langileek EEEren aurkako mobilizazioekin jarraituko dute
230 langileri eragingo lieke espedienteak. Langileak zain daude, ea noiz bilduko diren lantegietan interesatuta dagoen inbertitzaile txiletar batekin.
Agentziak | Erredakzioa
CELeko langileek Ecofibras Arangureneko egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea asteazken honetan (taldeko lantegietako bat da), eta kartelak jarri dituzte Enkarterrian, xede izanik euren egoera salatzea; izan ere, taldeko zuzendaritzak iraungipeneko enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu zuen, eta taldeko 230 langileri eragingo lieke horrek (guztira, 254 langile daude).
Langileak zain daude, ea noiz izango duten espediente horretan arduratzen den epailearen erabakiaren berri; epailea aste honetan bueltatu da lanera, oporraldiaren ostean.
Halaber, zehaztu behar dute hitzordu bat enpresa-batzordeak eta taldean interesa erakutsi duen txiletar inbertitzaileak bilera egin dezaten; astelehenean izan liteke bilera hori. Batzordeak, oraingoz, ez du instalazioak bisitatu dituzten gainerako inbertitzaileen berri, Asier Prado presidenteak Europa Pressi azaldu dionez.
Elkarretaratzea egin dute eta kartelak jarri dituzte
Gauzak horrela, asteazken honetan, langileek mobilizazioak egin dituzte. Goizean, elkarretaratzea egin dute Ecofibras Aranguren lantegiaren sarreran; egun, geldirik dago lantegi hori. Gerora, kartelak jarri eta gutunak banatu dituzte Enkarterrian; izan ere, Zalla, Balmaseda eta Gueñes, besteak beste, herririk kaltetuenak izango lirateke, enpleguak galduko balira.
Bestalde, langileak irailaren 17an Enkarterri eskualdea zeharkatuko duen manifestazioa ari dira prestatzen; halaber, datorren hilabeterako mobilizazio-egutegia ari dira ixten. Espero dute prest izatea aste-bukaerarako.