Ekonomia -
AP-8 eta AP-1
45 eurokoa gehienez, Bizkaiak eta Gipuzkoak adostutako bidesari bateratua
Kopuru horri lurralde bakoitzak duen tarifa gehitu beharko zaio (30 bat euro), horrenbestez, gehienez hilean 75 euro ordainduko ditu erabiltzaileak.
EiTB.EUS
45 euro. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera horixe izango da gehienez AP-8 eta AP-1 autobideei aplikatuko zaien lurralde arteko gastu muga. Zenbateko horri lurralde bakoitzeko tarifa gehitu beharko zaio, 30 euro gutxi gorabehera. Horrenbestez, hilean, asko jota, 75 euro ordainduko dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako autobideetako erabiltzaileek.
Unai Rementeria eta Markel Olano Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek gaur aurkeztu dute bidesari berria, autobideetako milaka erabiltzek luzaroan esperotako neurria.
Akordioak 5.000 gipuzkoarrei eta 7.000 bizkaitarrei eragingo die, bi aldundietako kalkuluen arabera. Arabako Foru Aldundia ez da akordiora bildu, "oraingoz". Dena dela, Gipuzkoak AP-1eko Gasteizerainoko joan-etorriak ere sartuko ditu gipuzkoarren gastu muga horretan. Bizkaiak, ordea, ez.
1.591 euroko aurrezkia
Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetako arduradunek nabarmendu dutenez, neurriak urtean 1.591 euroko aurrezkia ekarriko die egunero AP-8 edo AP-1 erabiliz lurraldez aldatzen duten bizkaitarrei eta gipuzkoarrei. Gasteizera egunero doazen gipuzkoarrentzat 372 eurokoa izango da aurrezkia.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, "egun garrantzitsua da gaurkoa. Herri txikia gara, eta garrantzitsua da herritarren arteko harremana indartzea. Neurri honi esker, desagertu egiten da gure lurraldeen arteko harremanerako oztopo ekonomiko bat".
Ildo beretik mintzatu da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere. Neurria "herrialde mailako erabakia" dela azpimarratu du. "Gaur esan dezakegu Gipuzkoa eta Bizkaia gertuago daudela", erantsi du.
Eibar eta Ermua
Gipuzkoako kasuan, Abiatu sistemaren erabiltzailea izatea baino ez da eskatuko lurralde arteko gastu muga ezartzeko.
Horrez gain, autobidera Eibarren eta Ermuan sartzen diren erabiltzaileentzat aldaketa izango da 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. "Gaur egun, herri bateko zein besteko pertsonek beste herriko bidesaria erabiltzen dute AP-8ra sartzeko, eta ondoko lurraldeko ordainlekua erabiltzen ari direnez ez zaie deskonturik aplikatzen. Erabiltzaile horiek ez diskriminatzeko, lurralde arteko muga berri honen aplikaziorako, Gipuzkoakotzat joko da Ermuko lotunea, eta Bizkaikotzat, berriz, Eibarkoa", iragarri du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak.