Ekonomia -
IRAKASKUNTZA PUBLIKOA
Jaurlaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela salatu dute sindikatuek
Uriarte sailburuak, aldiz, esan du Hezkuntza Saila beti egon dela hitz egiteko eta negoziatzeko prest.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan EAEn ordezkaritzaren gehiengoa duten ELA, LAB eta Steilas sindikatuek salatu dutenez, irailean mobilizazioak iragarri zituztenetik, Eusko Jaurlaritzak ez du negoziaziorako borondaterik erakutsi, eta bide horretan ez da urratsik egon. Horregatik, sindikatu abertzaleek mobilizazioei eutsi egingo dietela iragarri dute.
Hala, gaur, azarorako deitu dituzte greba-egunak erregistratu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan esan dutenez, atzo Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako "2018ko aurrekontu aurreproiektuak garbi erakusten du Hezkuntzan atzera egingo dugula, berriro".
Xabier Irastorza ELA sindikatuko kideak esan duenez, aurrekontuen bidez eman die Jaurlaritzak sindikatuei erantzunik argiena: "Planteamendua egin genien, benetako negoziazioa nahi dugulako, baina atzo lehen erantzuna eman ziguten, aurrekontuen bidez: hau da, aberastasuna igotzen ari da, % 2,4, eta Hezkuntzan egingo duten igoera % 1,9koa da", esan du Irastorzak. Horren arabera, "Hezkuntza pisua galtzen" ari da nabarmen, eta hori "onartezina" da.
Ildo beretik mintzatu da LABeko Aritz Alboniga ere. "Historiako aurrekonturik handiena dela saldu dute, eta Hezkuntzan 2010ean inbertitutakoa baino gutxiago inbertituko dute", esan du Albonigak.
Ana Perez Steilas sindikatuetako ordezkariak ere nabarmendu du Hezkuntza Sailak ez duela negoziaziorako borondaterik erakutsi, eta, horrek ere aurrekontuen aurreproiektuari erreparatu dio, Jaurlaritzaren jarrera gaitzesteko.
Mobilizazioak
Iragarrita bezala, azaroan hainbat mobilizazio egingo dituzte. Azaroaren 9an Haurreskolen Partzuergoko langileak daude grebara deituta,16an sukaldeetako eta garbiketako langileak, azaroaren 23an Hezkuntza Bereziko espezialistak, eta azaroaren 30ean irakasleak. Azkenik, abenduaren 12rako alor guztietan egin da grebarako deialdia.
Bestalde, datorren larunbatean manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bilbokoa 17:30ean abiatuko da, eta beste bi hiriburuetakoak 17:00etan.
Uriarte: '51,4 milioi euro gehiago izango ditugu 2018an'
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, aldiz, goizean ETB1en egin dioten elkarrizketan esan du "beti" egon direla hitz egiteko eta negoziatzeko prest.
2018ko aurrekontuen aurreproiektuak Hezkuntzara 51,4 milioi euro gehiago bideratuko dituela nabarmendu du sailburuak, eta, beraz, Jaurlaritzak kalitatezko hezkuntzaren alde egiten duen apostua argi geratzen dela esan du.