Ekonomia -

NEGOZIAZIOAK

Zerga eta Aurrekontu itunak ondorengo orduetan adostea espero du EAJk

PPk Arabako Aurrekontuak akordiotik kanpo utzi nahi ditu; EAJk, ez.

EAJk, PSE-EEk eta PPk Sabin etxean egindako bilera. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
EAJk, PSE-EEk eta PPk aurreko astean Sabin etxean egindako bilera.
EAJk, PSE-EEk eta PPk Sabin etxean egindako bilera. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Atutxa EAJren EBBko presidentearen iritziz, ondorengo orduetan edo egunetan lortuko dute EAJk, PSE-EEk eta PPk zerga erreformaren eta Eusko Jaurlaritzaren 2018rako Aurrekontu akordioa. Popularrek Arabako Aurrekontuak akordio horretatik kanpo uztea eskatu dute, baina jeltzaleek Araba ere kontuan hartzea nahi dute.

"Ostiralean zegoen borondate bera dago hiru alderdien artean. Ostiraleko bileran komunikatu bateratu bat atera genuen, akordioak lortzeko gure borondatea erakutsiz. Hori mantentzen dela uste dut. Ondorengo orduetako edo egunetako kontua izango da, baina bide onetik doa eta nahikoa denbora dago", azpimarratu du.

PPk Arabako Aurrekontuak akordiotik kanpo utzi nahi ditu. Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan Itxaso Atutxak adierazi duenez, kontraesan bat da "beraiek baitziren Gasteizko eta Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuak eta zerga erreformari buruzko akordioa lotu nahi zituztenak".

"Egia da erabakiguneak ezberdinak direla, nahiz eta alderdien artean oinarrizko akordioa egon. Hala ere, Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza esparru bat dira (Aurrekontuak) eta bestea, fiskalitatearena, Foru Aldundien eta Batzar Nagusien kontua da", gaineratu du.

Atutxaren esanetan, garrantzitsua litzateke akordioa Arabara ere zabaltzea, "Arabak ere egonkortasuna behar baitu".

EAJk eta PSEk koalizioan zuzentzen dituzte Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak, baina ez dute gehiengorik Legebiltzarrean, ezta Arabako Batzar Nagusietan ere, aurrekontuak onartzeko eta erreforma fiskala aurrera eramateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Araba Eusko Jaurlaritza EAE Ekonomia albisteak Euskal sozialistak Euskadiko PP Gaurko azken ordukoa Gastu publikoa