Ekonomia -
Lan gatazka
Gipuzkoako zabor bilketan deitutako grebari eusten dio ELAk; UGTk, ostera, ez
LAB eta CCOO sindikatuek astearte honetan erabakiko dute lanuztea babestu ala ez.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako zabor bilketan deitutako grebari eutsi dio ELA sindikatu abertzaleak. Lanuztea astearte honetan, 21:00etan, hastekoak dira. UGTk, aldiz, ez du azkenean grebarekin bat egingo. Bitartean, LAB eta CCOO sindikatuek astearte goizean erabakiko dute lanuztea babestu edo ez. Sindikatuak sektoreko patronalekin bildu dira gaur, eta enpresaburuek eskaintza berri bat egin diete, ELAko iturriek jakitera eman dutenez.
Garbiketa sektoreko ordezkarien % 63 ditu ELAk. Sindikatu abertzalea ez da patronalekin bilduko astearte honetan. BEZaren soldata igoera eskaini dute enpresaburuek, 2016-2019 hitzarmen berria indarrean dagoen lau urteetan. Azken urterako, BEZa eta % 0,1 gehiago eskaintzen dute patronalek. ELAren hitzetan, “ez da nahikoa”.
Lau urteko epe horretan, puntu bateko desadostasuna du sindikatu abertzaleak soldata igoerari dagokionez. “Kolektiboaren duintasunarentzat erabakigarria da, probokatu eta gutxietsi ondoren”, salatu du ELAk. “Errespetua behar dugu”, patronala azken bi urteko negoziazioetan hitzarmenak “bertan behera uzten” saiatu ondoren, kritikatu du sindikatu abertzaleak.
“Kolektiboa martxan jarri dugu eta beharrezkoak diren hamarrenak atera behar ditugu orain. Ez du oso garrantzitsua ematen, baina hil edo bizikoa da guretzat. Patronalak saihesten ez badu, bihar gaueko bederatzietan greba hasiko da. Deitu eta sinatu ahal izateko nahikoa eskaintzen baldin badigute, greba bertan behera geratuko litzateke”, gaineratu du ELAk.