Ekonomia -
Lan gatazka
Bridgestoneko enpresa-batzordeak 7 eguneko greba deitu du urtarrilaren 29tik aurrera
Langileen ordezkariek (USO, UGT, ELA, CCOO eta BUB) eta enpresako zuzendaritzak bilera egin dute astelehen honetan, Basaurin.
Agentziak | Erredakzioa
Bridgestoneko enpresa-batzordeak zazpi eguneko greba deitu du urtarrilaren 29tik otsailaren 4ra arte, Japoniako multinazionalak Estatuan dituen lantegietan, Kantabrian, Burgosen eta Bizkaian.
USO sindikatuak agiri batean jakitera eman duenez, langileen ordezkariek (USO, UGT, ELA, CCOO eta BUB) eta enpresako zuzendaritzak Basaurin (Bizkaia) bilera egin ondoren greba deitu dute.
USOk zehaztu duenez, gehiengo sindikalak (USO, UGT. ELA eta BUB) soldatak igotzeko, lanaldia eta kontratazioak arautzeko proposamenak aurkeztu ditu. Sindikatuaren hitzetan, zuzendaritzak jarrera hori aurpegiratu die.
USOk gogorarazi duenez, CCOOk eraginkortasun mugatuko akordio bat bakarka sinatu zuen enpresarekin, 2018 eta 2019 urteetarako soldata igoera proposatuz: % 1,25 2018an eta % 1,5 2019ean.
Amore ematerik gabe
Gaurko bileran, enpresak ez du amore eman soldata igoerari dagokionean, USOk salatu duenez. Lanaldiaren eta kontratazioen inguruko proposamenak jasotzeko prest agertu da, ostera.
“Enpresaren jarrera kritikatu ondoren gehiengo sindikalak aho batez bilera amaitutzat jo du. Bi urteko negoziazioaren ondoren, proposatutako hiru puntuetatik soldata igoera baztertzea ezin dugu onartu”, azpimarratu du USOk.