Ekonomia -

Diru-bilketa

Araban % 13 egin du gora bilketak 2017an, eta zifra 'historikoa' lortu dute

Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, zerga guztiak “modu homogeneoan hazi dira”, zifra “historikoak” lortzeraino, 2007an, krisia baino lehen, bildutako maximoa gaindituta.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Ogasunak 2.303 milioi euroko diru-sarrerekin amaitu zuen 2017ko diru-bilketa, 2016an baino % 13 gehiago lortuta, eta Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egindako aurreikuspenak hobetu ditu (1,33 puntu, hain zuzen).

Ramiro Gonzalez (EAJ) Arabako ahaldun nagusiak prentsaurrekoa eman du asteazken honetan diru-bilketaren balantzea egiteko, eta bertan nabarmendu duenez, zerga guztiak "modu homogeneoan hazi dira", zifra "historikoak" lortzeraino, 2007an, krisia baino lehen, Foru Ogasunak bildutako maximoa gaindituta.

"Diru-bilketa bikainaren aurrean gaude, eta krisia baino lehenagoko zifrak gainditu ditu, 2.205 milioi euro lortu baitziren orduan", azpimarratu du Gonzalezek, 2017ko datuak 2007koekin alderatuta.

Ahaldun nagusiaren esanetan, Sozietateen gaineko Zergak izan du "pisu handiena", "guztiaren % 9,3" jaso baita horrela (bildutako guztiaren % 8,2 jaso zuten horren bidez 2016an). 2017an 146,6 milioi euro bildu dira horren bidez, eta 122,9 bildu ziren aurreko ekitaldian; % 19,2 hazi da, beraz.

Bestalde, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidez bildutakoaren % 7,3 jaso dute (aurrekoan baino 54,5 milioi euro gehiago), lan-atxikipenen bidez 767 milioi euro lortu baitira (731,7 milioi 2016an). Profesionalen eta autonomoen ordainketa zatikatua % 8 igo da; beraz, "historiako zifrarik altuenak izan dira, lan merkatuaren bilakaerari esker, bai lan egiten duten pertsonetan baita soldatetan ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak Arabako Foru Aldundia