Ekonomia -
Datuak
Makina-erremintaren fakturazioa % 5 haziko da 2018an Estatuan, fabrikatzaileen ustez
2017an, sektoreak % 5,3 igo du bere ekoizpena, aurreko urteko datuekin alderatuta; guztira, 1.576,6 milioi euro fakturatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuko makina-erremintaren sektoreak baikor ekin dio 2018ko ekitaldiari; izan ere, aurreikuspena da fakturazioak eta esportazioek % 5 inguru gora egitea.
Donostian egoitza duen AFM Makina-erreminten Frabrikatzaileen Elkarteak, agiri batean, argitaratu ditu 2017ko bere datuak; fabrikazio aurreratuaren eta makina-erreminten sektorearen ekoizpena % 5,3 igo da, aurreko urteko datuekin alderatuta. Guztira, 1.576,6 milioi euro fakturatu ditu.
AFMren iritziz, hein batean, deformazioaren azpisektoreko fabrikatzaileek izandako "urte bikainak" eragin du aipatutako hazkundea; azpisektore horretarako, 2016 urte oso ona izan zen eskaera-bilketari dagokionez, eta, ondorioz 2017an, fakturazioan, % 20,61 hazi da.
Abio-motorren azpisektorearen fabrikatzaileek 2017ko datuei eutsi diete, pixka bat atzera egin badute ere (% 0,97); osagaien datuek, aldiz, gora egin dute (% 5,76), bai eta erremintenek (% 7,67), osagarrienek (% 13,18), eta mekanizazio eta gainerako zerbitzuenek (% 8).
Poztasuna
Antxon Lopez Usoz AFMko presidentea pozik azaldu da 2017ko datuak ikusita. Haren iritziz, urte "ona" izan da, orokorrean, sektorearentzat; berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enplegu egonkorraren alde egindako apustuaren etekina ari da eskuratzen, Lopez Usozen esanetan.
Kanpo-merkatuari buruz, esportazioek jarraitzen dute markak ezartzen, "aurreko urteotan egin duten bezala"; produkzioak baino gehiago ere egin dute gora, % 6,21 (1.258,35 milioi). Nabarmentzekoa da, arlo honetan ere, deformazioak izandako gorakada (% 24,97), bai eta abio-motorraren beherakada txikia (% 3,58).
Makinei dagokienez, hauexek dira esportazioen hamar jomugarik nagusienak: Alemania, Txina, Mexiko, AEB, Frantzia, Portugal, Italia, Polonia, Erresuma Batua eta India.
Barne-merkatua ere ondo ibili da
Barne-merkatua ere ondo ibili da 2017an; izan ere, % 5,08 igo da. Hortaz, 2016ko geldialdiaren ostean, berriro jarri da gora begira.
AFMk, baina, uste du kopurua oraindik txikia dela; hain zuzen ere, "bere barne-produktu gordinean industriak duen garrantzia areagotu nahi duen herrialde baten benetako indarrarekin alderatuta, % 25 txikiagoa ere izan liteke".
Lopez Usozek berretsi du garaia dela inbertsioa sustatzeko politikak ezartzeko, Plan Renove edo neurri fiskalak bezalako ekimenak erabiliz.
Eskaeren arloan, 2016an ezohiko hazkundea izan zen (% 22), baina 2017an % 10 egin du behera. Jasotzeei dagokienez, Europan, nabarmen egin du gora, eta AEBn, Mexikon eta Kanadan pixka bat gorakada txikiagoa izan da; Asian abio-motorretan deformazioan baino emaitza hobeak izan ditu.
2018rako eskaeren jasotzeetan, AFMk uste du goiz dela, oraindik, aurreikuspenak egiteko; dena den, ez du espero gorabehera handirik, mundu-mailan hazkundea areagotzen ari baita, eta, bereziki Europan ikusten den egoera positiboa kontuan izanik.
"Baliabideak ditugu"
"Baliabideak ditugu erakusten jarraitzeko lehiakorrak garela, industriarako irtenbide egokiak bilatzen, hori argi dago. Nire iritziz, ekitaldia uste bezala amaitzen bada, berriro izango da ona, mundu-mailan, aurreratutako fabrikaziorako", dio Lopez Usozek.
AFMk gogorarazi ere gogorarazi du maiatzaren 28tik aurrera egingo duela, Barakaldoko BECen, Makina-Erremintaren biurtekoa.