Ekonomia -

Osalanen balantzea

Lan-istripuek % 6,6 gora egin zuten 2017an, EAEn

Hala ere, istripu larriek % 20 behera egin zuten iaz, 32 hildakorekin. Osalanek bete dituen 25 urteetan, aldiz, ezbeharrek % 22 behera egin dute.

Kamioilari baten lan-istripua Kuartangon (Araba). Artxiboko irudia: EiTB
Kamioilari baten lan-istripua Kuartangon (Araba). Artxiboko irudia: EiTB
Kamioilari baten lan-istripua Kuartangon (Araba). Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-istripuek % 6,6 gora egin zuten Euskadin, 2017an. Guztira, 33.564 ezbehar gertatu ziren iaz. Istripu larriek, ostera, % 20 behera egin zuten iaz, 32 hildakorekin.

Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak eta Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak balantzea egin dute; izan ere, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 25 urte bete ditu.

Mende laurden horretan lan-istripuek % 22 behera egin dute Euskadin. 90ko hamarkadan batezbeste 42.000 ezbehar izatetik 2017an 33.564 izatera pasa dira.

San Joseren hitzetan, lan-istripua eta laneko gaixotasuna "saihestezinak edo lanari datxekion" arazoak direnaren "ideia baztertu" beharra dago. Ezbeharrak "prebenitu daitezke eta prebenitu behar dira", adierazi du. "Osasunari kalterik egiten ez dion lana bakarrik da etikoki jasangarria", erantsi du sailburuak.

Lan-istripuak eta laneko gaixotasunak "ekidin" daitezkeela errepikatu du San Josek. Sailburuaren ahotan, "legez" enpresaburua "prebentzioaren, hezkuntzaren eta informazioaren arduraduna da".

OSALAN EFE

Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua eta Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusia. Argazkia: EFE

Bestalde, Osalanek bere aurrekontua areagotu du 25 urteetan; izan ere, 6 milioi eurokoa zen 1993an, eta 2017an 14 milioi eurokoa. 149 langile izatetik 174 izatera pasa da erakundea. Gainera, lanpostu tekniko eta nagusiek % 70 gora egin dute, 67 izatetik 112 izatera.

25 urte horietan, Osalanek ikerketetan zein azterketetan egindako inbertsioak gora egin du. Azken urteetan 136 ikerketa proiektu bultzatu eta finantzatu ditu erakundeak, 4.115.000 eurorekin.

Behin-behinekotasuna

Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak azaldu duenez, iaz 33.564 istripu gertatu ziren, 2016an baino % 6,6 gehiago; horietatik % 99,5 ezbehar arinak izan ziren, eta istripu larriek % 20 behera egin zuten. Horrela, 2017an 32 behargin hil ziren lanean, 2016an 40.

Istripuen kopuruan "faktore ugarik" eragiten dutela uste du zuzendariak. Besteak beste, jarduera ekonomikoaren gorakadak lanorduen kopurua areagotu duela gogorarazi du. "Kontratuen behin-behinekotasunaren hazkundea" ere aipatu du Alonsok.

Azken urteetako datuen azterketa egin ondoren, lan-istripuen % 15 kontratuaren lehen hilabetean gertatzen direla ondorioztatu dute. Epe "kritikoa" dela azpimarratu du zuzendari nagusiak. Ezbeharren % 30 aurreneko urtean gertatzen direla gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea