Ekonomia -

Talde energetikoa

Naturgas Nortegas izango da aurrerantzean eta inbertsioak iragarri ditu

Gaur egun, milioi bat bezero inguru ditu, erdiak Euskadin eta gainerakoak Asturiasen eta Kantabrian. Guztira, lurralde horietako etxebizitzen % 60ra iristen da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alejandro Legarda Naturgas Energiako presidenteak gaur iragarri duenez, enpresak izena aldatu du eta aurrerantzean Nortegas izango da. Halaber, Energia Taldeak inbertsioak iragarri ditu, Euskadin, Asturiasen eta Kantabrian bezero berriak erakartzeko eta etxebizitzen % 85ra iristeko.

Bilbon egindako hitzaldi batean azaldu duenez, enpresak aurrera begirako helburu gisa jarri du bezero berriak aurkitzea eta orain arte iritsi ez den udalerri eta hirietara iristea. Ildo horretan, hoditeria berriak jartzea aurreikusten du.

Gaur egun, Naturgas konpainiak milioi bat bezero inguru ditu, erdiak Euskadin eta beste erdiak Asturiasen eta Kantabrian. Guztira, lurralde horietako etxebizitzen % 60ra iristen da eta helburu gisa jarri du % 85era igotzea.

EDP energia taldeak Naturgas Energia gas eta elektrizitate enpresaren salmenta itxi zuen iazko uztailean. Zehazki, JP Morgan Asset Management, Abu Dhabi Investment Council, Swiss Life eta Covalis Capital taldeek aholkatuta zenbait inbertitzaileri saldu zioten Naturgas, 2.591 milioi eurotan (zorra barne), erosleek jakitera eman zutenez.

ADYPE enpresarien elkarteak antolatutako ekitaldi batean ohartarazi duenez, eredu energetikoaren aldaketa teknologiaren garapenaren baitakoa izango da eta, zehazki, energia gordetzeko ahalmenaren araberakoa. Hori dela eta, eztabaida hori politikoa baino teknologikoa dela azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Kantabria Gas naturalari buruzko albisteak